“Talde subertsiboa gara, produktu ekologikoak, mundua, edertasuna maite dituen taldea. Mundu hobeago baten alde oraintxe ekinean hasi nahi duen pertsona multzoa gara, ingurumenarekin konprometitutako taldea. Ez dugu geldirik egon nahi”. Horrela hasten da Nafarroan sortu berri duten “Borraja Komandoa”ren lehen komunikatua.
Hitzetatik ekintzetara
Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (NNPEK) Helianto taldearekin elkarlanean abiatu du ekimena, “Lorategiari eraso” programaren barruan.
Ekintzaren helburuak nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta horren garrantziaz sentsibilizatzea izan dira.
Buru-berokiekin eta zapiekin estalitako hamabost pertsona inguruk hartu zuten parte Borraja Komandoaren lehen “erasoaldian”. Erabilitako armak: letxugak, kuiatxoak, loreak, landare usaintsuak, tomateak, ilarrak, orburuak eta porruak. Tuterako lorategiaren transformazioan hiriko Lourdes auzoko Emakumeen Elkartearen laguntza ere jaso zuten matxinoek. Auzotarrei beren baratze propioa zaintzeko eta bertan haziko diren barazkiak erabiltzeko gonbidapena egin zieten komandoko kideek.
Hasiera besterik ez
Tuterakoa hasiera besterik ez dela izan argi azaldu dute ekintzaileek. “Nafarroako hiri eta herriak erasoko ditugu, ezerk ez gaitu geldituko”, diote komunikatuan. Espazio publikoak, lorategiak, nahiz errepide bazterretako lurrak baratze ekologiko bihurtuko dituztela adierazi dute, inork espero gabe, jendearen sorpresarekin jokatuz.
“Aski da. Amaitu dezagun itsusitasunarekin, degradatutako guneekin. Guk eraso egiten dugu, edertu egiten dugu, laidoztatutako guneei bizitza ematen diegu”. Beraiekin bat egiteko deia egin die herritarrei taldeak, Nafarroako espazio grisei kolore berdea bueltatzeko lanean segitzeko. Ikusteke dago non jarraituko duen Borraja Komandoak bere matxinadarekin.