Nafarroak 626 milioi euro emango dizkio Estatuari, Madrilek 76 milioi inbertituko ditu Nafarroan

Erabiltzailearen aurpegia Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko api. 24a, 14:38

Nafarroako Ubidearen obrak (Arg.: obrasespeciales.com)

626 milioi euroko sarrera eta 76 milioiko inbertsioa aurreikusten da Espainiako Estatuaren Aurrekontu Orokorretan. Ezberdintasuna inoiz baino handiagoa izango da, 550 milioi eurokoa.

Hitzarmen Ekonomikoaren bitartez Foru Erkidegoak Estatuko diru-kutxara bideratzen du lortzen dituen sarrera ez finantzario guztien %18, biltzen dituen bost eurotik bat, alegia. Aurten zifra 626,6 milioikoa izango da. Estatuak, berriz, %25ean murriztuko du Nafarroan inbertituko duena. 76,4 milioi inbertituko ditu eta horietako 45 izango dira Nafarroari itzultzeko AHTren obretarako Estatuari aurreratu ziona, Diario de Noticiasek jakinarazi duenez.

Honela, Nafarroak ematen eta jasotzen duenaren arteko ezberdintasuna maximo historikora helduko da aurten. Estatuarengandik gutxien jasoko duen erkidegoa Errioxa izango da (75,5 milioi euro), bigarren postuan Nafarroa egongo da (552 milioi euro) eta hirugarrenean Balear Irlak (148 milioi euro).

Egoera ez da berria, ordea. Estatuak Nafarroan egin dituen inbertsioak beti izan dira baxuak. Itoizko Urtegia, Esaren handitzea edo Nafarroako Ubidea bezalako azpiegitura handien obra publikoak izan dira finantzatutako proiektu bakarrak. Soilik Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldiaren garaian apurtu zen joera, inbertsioa 200 milioitik gorakoa izan baitzen 2009an eta 2010ean. Mariano Rajoyren gobernuarekin, berriz, inbertsioa murrizten joan da urtez urte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!