Hitzordua genuen joan den larunbatean Iruñean. Mobilizazioan izan nintzen ni ere, milaka lagunekin batera, faxismoaren kontra. Eroritakoen Monumentoa deitzen zen horren aitzin bukatu zen ekitaldia, emozioak korapilatuta, ederki dakigulako faxismoa ez dela iraganeko mamu hila, sobera bizirik dagoen mehatxua baizik. Manifestazio hunkigarria izan zen, eta aipatzekoa da, halaber, aniztasuna, ez baita halakorik erraz ikusten.
Erronka, orain, larunbateko indarra egunorokotasunean gorpuztean datza, ene ustetan. Aukerak ez ditugu faltan izanen. Ahotsa komunikazio eragilearekiko elkartasuna, esaterako, bide ona da faxismoaren kontrako irmotasuna emankor bilakatzeko. Aupa Ahotsa, beraz!