Esaten dute DeustchBank Lehman Brothers erori baino pixka bat lehenago bezala dagoela; esaten dute, halaber, DeutschBankek eztula egiten duenean Europako banku-sistema guztia dardarrez hasten dela; eta esaten dute, amaitzeko, Europako banku-sistema dardarrez dagoenean gobernuek beste aizkorakada bat emango diotela ongizate-gizarteari, edo hobe esan, geratzen denari. Kasualitatea izan edo ez, une jakin honetan zartarazi dute PSOE, barrutik zartarazi ere. Gaurko argazkia Pedro Sanchezena da, medio guztiek dakarte eta askok galtzaile itxuran atera dute. Uste genuen PSOEren aurpegia saskibalio jokalari ohi eta guapito batena zela, eta egoera larritu denean ikusi dugu PSOEren egiazko aurpegia GAL sortu zuen tximino zahar ilezuriarena dela.