Barañaingo Udalak bi milioi euro galdu ditu diru-laguntzetan EH Bilduk salatu duenez

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 26a, 12:56

UPNk zuzentzen duen Barañaingo Udalak hainbat diru-laguntza galdu dituela salatu zuen Barañaingo EH Bilduren udal taldeak atzoko osoko bilkuran. Talde subiranistaren kalkuluen arabera, 2 milioi euro baino gehiago izan dira, azken urtean bakarrik. Galeren ondorioz, konprometitutako obrei ekin ahal izateko bi aurrekontu aldaketa onartu zituen atzo Udalbatzak.

Barañaingo Udalak 500.000 euro galdu ditu energia hornikuntzen prezioaren igoera arintzeko Nafarroako Gobernuak egindako deialdian, dokumentazioa epez kanpo aurkezteagatik. Ikastetxeetako mantentze lanetan eta hobekuntzetan ere eragina izan du laguntzen galerak. Azken deialdian, zehazki, Eultza Ikastetxe Publikora zuzendutako 59.000 euro eta II Haur Eskolarentzako 30.000 euro dira jaso ez dituztenak. 2021eko deialdian, gainera, honako dirulaguntza hauek galdu ziren: 56.000 € udal haur-eskolentzat eta ia 300.000 € Sahats, Alaitz eta Eultzako Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan obrak eta konponketak egiteko. Jasoko ez den azken diru-laguntza udaletxearen inguratzaile termikoari dagokiona da, udalak ezarritako epetan gauzatu ezingo duelako. Next Generation funtsekin finantzatu behar zen, ia milioi eta erdi eurorekin. Arazoa konpontzeko udal gobernuak zer asmo duen galdetu zion atzo EH Bilduk Maria Lekunberri UPNko alkateari, baina ez zuen erantzunik jaso.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!