'Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina' erakusketa Barañaingo udal liburutegian ikusgai

Euskalerria Irratia 2023ko aza. 6a, 13:28

Pirinioetan elkarrekin bizi diren hizkuntza guztien ezaugarri nagusiak eta mugarri historikoak biltzen dituen erakusketa da hau. Erakusketa 2023ko abenduaren 7ra arte izanen da ikusgai goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Bisita gidatuak eskatzeko aukera ere badago.

Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina erakusketaren irekiera ekitaldia izan da Barañaingo Mª Luisa Elio udal liburutegian. Bertan izan dira Maria Lecumberri Bonilla, Barañaingo alkatea, Javier Arakama, Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea eta Sagrario Aleman, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria.

Pirinioetako hizkuntzak, euskara izan ezik, latinetik datoz, beti ere, tokian tokiko hizkuntzek aldatuta. Erakusketa honetan ikusgai izanen da nola mendetako prozesu hori dela eta, lurraldeari begira hurbil dauden baina elkarren artean ongi baino hobeki bereizita dauden hizkuntzak sortu diren. Literaturaren bidez, hizkuntza horiek aurrera egin dute, eta, aldi berean, aberastu eta beraien muga linguistikoetatik kanpo zabaldu dira, kalitate artistikoa ere irabaziz.

Halaber, erakusketak hizkuntza horien ezaugarrietako batzuk eta beraien historiaren adierazpen garrantzitsuenak ekarriko dizkio ikusleari. Horretarako, hizkuntza hauek erabiltzen dituzten herrietako bizitza sozialean daukaten erabileraren lekukotasunak eskainiko dira, administrazioan, zientzian, irakaskuntzan eta, jakina, literatur genero desberdinetan daukaten presentziaren adibideak emanez.

Euskara Pirinioetan: leku izenen azterketaren bidez erdiets dezakegun argitasuna

Patxi Salaberri Zaratiegik, euskaltzaina eta toponimian adituak, herritarrendako hitzaldia emango du azaroaren 7an, liburutegian bertan (gaztelaniaz). Bertan, leku izenak aztertzeko orain arte erabili diren zenbait metodologia eta plazaratu diren teoriak azalduko ditu, gaur egun eskuetan ditugun datuekin alderatuz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!