NUPeko ikasle berrien %82k emanen lukete izena euskarazko ikasgairen batean

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 29a, 18:28

Ikasleak NUPen. Arg: NUP

2019rako euskarazko kredituen eskaintza %16,5 handituko da, ikasleek eskatzen dutenetik urrun, hala ere.  

NUPen euskarazko eskaintza azaltzeko agerraldia egin zuen atzo Alfonso Karlosena errektoreak Nafarroako Legebiltzarrean ,EH Bilduk eskatuta. Selektibitatea Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin arren, Euskal Herriko Unibertsitatean matrikulatzen dira urtean 258 bat ikasle nafar; tartean, ikasketak euskaraz egitea hautatzen duten 40 inguru.

Errektoreraen iritziz euskaraz ikasi ahal izateko alde egiten duten ikasleen kopuru hori txikia da eta NUPek euskararen alorrean egiten duen eskaintza egokia dela gaineratu zuen. «Ahalegin izugarria» egin duela NUPek uste du Karlosenak: guztira, euskarazko 1.272 kreditu eskaintzen dituzte, 246 ikasgaitan banatuta.


Unibertsitateak iaz onartutako plan estrategikoaren arabera, eskaintza ez da gehiegi aldatuko datozen urteetan, 2019rako euskarazko 1.488 kreditutan ezarri baitute helburua: gaur egun baino %17 gehiago. Hala ere kopuru hori ikasleek beraiek inkestetan eskatzen dutenetik urrun gelditzen da. Izan ere, errektoreak legebiltzarkideei emandako datuen arabera, NUPeko ikasle berrien %82k emanen lukete izena euskarazko ikasgairen batean, horretarako aukera izanez gero. Lehen urteko ikasleen matrikulazio datuek berretsi egiten dute joera hori, %70ek ematen baitute izena euskarazko ikasgairen batean ala bestean. Eskaintzaren urritasuna da, hain zuzen, eskari horri mugak jartzen dizkiona: «Ikasgai guztiak aintzat hartuta, euskarazkoa da eskaintza osoaren %12-13 inguru, baina ehuneko hori aldatu egiten da fakultateen eta mailen arabera; hala, lehenengo mailan, kredituen %25 euskaraz egin litezke, baina kopuru hori murriztu egiten da graduan aurrera egin ahala». Elebidunak dira NUPeko lehen mailako ikasleen %30etik gora.

Erreakzioak

Datuen argitara, NUPen hizkuntza politikarekin kritiko azaldu da EH Bildu koalizioa: «EHUren plan estrategikoan propio aipatzen da Nafarroako ikasleak erakartzeko beharra, NUPen euskarazko eskaintza oso urria delako, eta hemen ez diegulako euskaraz ikasteko aukerarik ematen. Zerbait ari gara gaizki egiten». Horregatik, «plangintza serio bat» eskatu du. Geroa Baiko Rafael Erasok, berriz, ontzat jo du NUPek azken urteetan eginiko «ahalegina», baina aitortu du euskarazko eskaintzaren garapena «mantsoegi» doala. Alberto Catalanek (UPN) ontzat jo du egungo eskaintza, eta «errealitateari bizkarra ematea» egotzi die abertzaleei. Era berean, EH Bilduk «eskaintza akademiko faltsu bat» sustatu nahi duela gaineratu du PSNko Carlos Gimenok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!