Sustrai Colina: “Olatuaren gainean orekari eutsi behar zaio, aparretan ito gabe”

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 22a, 13:38

Sustrai Colina. Urruñan sortu eta Iruñean bizi den bertsolaria. Ipar Euskal Herriko bertsolarien txapela irabazi du berriki. Seme baten aita izan da duela aste bi. “Azken garaian nekatuago nago, baina zoriontsuago ere”.

Zauriak eta ilusioak                                                                                                                                           

“Nire bizitzaren momentuarekin bat datorren bertsokera lantzen nabil. Ausartzen ari naiz barruan ditudan azal guztiak erakustera. 34 urteko pertsona naiz. Zauri eta pena zenbait dituena. Ilusio askorekin etorkizunera begira dagoena ere. Bertsoen bidez interpretatzen dut errealitatea”. 

Inertzia eta konforta

“Sarritan, eguneroko martxan inertziaz jokatzen dugu. Ez diogu gure buruari galdetzen non kokatzen garen munduarekiko. Errekan behera goaz zalantzan jarri gabe zer egiten ari garen eta horrelakoetan pareta jotzeko arriskua dugu. Duda egitea ongi dago. Konfort eremuetatik tarteka ateratzea komeni da”.

Olatua eta aparra

“Sormenaren marea behera dagoenean jakin behar da eusten. Marea gora dagoenean, berriz, jakin aprobetxatzen. Bide luzea dugu bertsolariok. Olatuaren gainean orekari eutsi behar zaio, aparretan ito gabe”.

Arrazoia eta artea

“Asko dira bertsoa egiteko moduak. Ez dago era bakarra. Erakutsi izan digute bertsoaren amaieran arrazoi bat eman behar genuela erremate ona lortzeko. Ez nago osotara ados. Helduleku asko dago lana osatzeko. Besterik gabe, deskripzioz josi dezakegu bertsoa. Guk ere asko dugu desikasteko”.

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!