ETB digitalean ikusiko da Iruñerrian gaurtik aurrera

Euskalerria Irratia 2015ko urr. 26a, 08:33
Urko Aristi, ETB-ko eguraldi-gizona. (Argazkia: EITB)

> Iruñerriko haur euskaldunek ETB3 ikusterik izanen dute aurrerantzean. ETB1, ETB2 eta ETB4 ere jasoko dira Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) bidez.
> Telebista birsintonizatu egin behar da: 27 eta 41 kanaletan zabalduko dute ETBren seinalea. Hainbat kasutan, anplifikadore bereziak beharko dira.
> Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk lotu dute akordioa, eta ez dakarkio gasturik Foru Ogasunari.

Iritsi da eguna. Aspaldidanik, eta bereziki Gobernu aldaketa gauzatu zenetik, euskaldun askok espero zuten albistea: gaurtik aurrera, ETB Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) bidez iritsiko da Iruñerriko etxeetara, gainontzeko kateak bezala.

Gaurtik aurrera, beraz, Erreniega eta Ezkaba mendietako errepikagailuek digitalean zabalduko dute euskal telebistaren seinalea. Hori horrela, aurrerantzean, euskaldunon hiri buruzagiko eta inguruko telebistetan ETBren lau kateak ikusi ahal izanen dira: ETB1, ETB2, ETB3 eta ETB4. Halaber, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, EITB Irratia eta Radio Euskadi digitalki entzuterik izanen da.

ETBko lau kateak 27 edo 41 kanaletan

Ikuspegi soziolinguistikotik, ETB3 Iruñerrira iristea bereziki garrantzitsua da. Analogikoki, ETB1 eta ETB2 jaso izan dira Nafarroako hiriburuan, baina haurrentzako katea orain arte sekula ez da ikusgai izan. UPNren gobernuak urtetan ahalegin bistakoa egin izan du ume euskaldunek ez zezaten eduki halako aukerarik. 

ETBko kateak ikusi ahal izateko, telebista birsintonizatu behar da. Orain arte ETB2ren seinalea analogikoki hartzen zen kanalean hartu ahal izanen dira aurrerantzean digitalki ETBko lau kateak: Ezkabatik, 41 kanalean; Erreniegatik, 27an.

Nafarroako antenisten elkarteko presidente Asier Lasak Euskalerria Irratian azaldu duenez, hainbat eraikinetan anplifikadore bereziak instalatu beharko dituzte bi kanal horien bitartez (41 eta 27) ETBko lau kateen seinalea jaso ahal izateko.

Foru Ogasunarentzat, kosturik ez

Foru lehendakari Uxue Barkosek dio "poz handia" sentitzen duela ETB Iruñerrian LTDz ikusiko dela-eta; "Parlamentuaren nahia delako eta baita gizartearena ere". Aurki Iruñerrian ez ezik Nafarroa osoan euskal telebistaren seinalea digitalki jasotzerik izanen dela gaineratu du.

Geroa Bai-ko eledun Koldo Martinezek azaldu duenez, ETBren seinalea digitalki zabaltzeak ez dakarkio kosturik Foru Ogasunari, "Nafarroako Gobernuak, Eusko Jauralritzak eta EITBk loturiko akordioei esker". Martinezen irudikoz, honek agerian uzten du UPNk orain arte arrazoi ideologikoengatik jarri dizkiola trabak ETB ikusteari.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!