Iruñerrian gaztetxe berria eraikitze bidean

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 24a, 08:27

‘Zerbait eraikitzen ari da’ izenburuarekin kanpaina abiatu dute. Gazteek euren ekimenak gauzatzeko gunea eraikitzea da asmoa.

Afixa ugari azaldu dira egunotan Iruñean eta Iruñerriko zenbait herritan. Zerbait eraikitzen ari da goiburua daramate kartel horiek eta gaztetxe bat sortzearen aldeko kanpainaren parte dira. Iruñerrian gazteek euren ekimenak aurrera eramateko gune bat eraikitzeko proposamena litzateke. Sare sozialetan, goiburu hori erabiltzeaz gainera, diote, “erresistentzian denbora luzean izan ondoren orain eraikitzeko garaia da”. Iruñerria berpizten taldea ari da proiektu hori garatzen. Herritarrak eta gizarte eragileetako kideak ostegunetan biltzen dira Kalekalden eztabaida sortu eta gaztetxe bat eratzeko aukerak planteatzen.

Autogestioa xede izanda Iruñerian izandako esperientziak gogoratu dituzte: Katakrak, Loretxea, Euskal Jai, Tximista, Irule… horregatik egitasmo horiei jarraiki berriak eraikitzea dute asmo. “Gaztetxeak isilarazi nahi izan zituzten, gazteak alboratu nahi izan zituzten, lurperatu egin nahi gintuzten baina ahaztu zuten haziek aurrera segitu dutela”, adierazpen horrekin jakinarazi dute abian direla egitasmoa eskuartean dutela.

Gaztetxea sortzea da helburua eta gune horretan zer izanen den ere adosten ari dira: lantegiak, elkartrukerako saltokia, dokumentaletarako lekua, gizarte eragileek erabilgarri izanen luketen txokoa, liburutegia, euskaltegia, hacklab, kontzertuak egiteko gunea, jantokia, euskal presoekiko elkartasun txokoa eta beste. Hori horrela, deia herritarrei egin diete parte hartu dezaten proiektu horretan eta ostegunetako bileretan Kalekaldera bertara daitezen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!