Nafarroako Gobernuaren jarduneko Sustapen kontseilari Luis Zarraluquik eta Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari José Muñozek protokolo bat sinatu dute Foru Komunitateko Bidaiarien Hiriarteko Garraio Publikoko Plan Integrala garatze aldera. Protoloko horretan azpimarratzen denez, bi erakundeak elkarlanean ariko dira garraioko txartel bakarra ezartzeko, hiriarteko nahiz hiriko garraiorako baliozkoa izanen dena. Alde horretatik, datorren udazkenean erabili beharreko txartelaren analisiaren eta bilakaeraren gaineko azterketa bat lizitatuko da, Nafarroako Gobernuak ezagutzera eman duen bezala.
Prozesua hasiko da, alde batetik, Iruñerriko Mankomunitatean egun erabilitako ordainketa-sistemaren aprobetxamendu-azterketarekin, eta bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko herritarren txartelarenarekin, eskualdeko garraioan ere ordaintzeko erabiltzen dena.
Era berean, Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez, beste esperientzia batzuk ere aztertuko dira, Bizkaian abian jarritakoa, adibidez (Barik); horri esker, zerbitzu (hirikoa eta hiriartekoa) eta modu (autobusa, trena eta metroa) ezberdinetako tarifak integratzeko politika garatu ahal izan da; horrenbestez, garraio publikoa sustatu eta hobetu ahal izan da. Gipuzkoan abiarazitakoa ere aztertuko da (Mugi), eta Barik txartelak bezala Bizkaian, hiriko nahiz hiriarteko garraio publikoaren erabilera sustatzea eta suspertzea lortu duena; haien titularrak udalak eta Aldundia izaten jarraitzen dute, hurrenez hurren.
Nafarroako Gobernuak eta Mankomunitateak ordaintzeko eran edo beste edozein mailatan garatuko diren proiektu teknologikoei buruzko informazioa trukatuko dute, garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak garraioko sareetan emandako zerbitzuak hobetze aldera.
Iruñerriko udalerrietako hiriarteko garraio-zerbitzuaren plangintzari dagokionez (eskualdeko hiri-garraioaren eremuan sartu gabekoak), bai eta dentsitate txikiko gune horretako garraio-aukeren azterketari dagokionez ere, Departamentuak eta Mankomunitateak beharrezko informazioa lortzeko elkarlanean ariko dira, eskualdeko hiriarteko errepideetan bidaiariak arautzeko garraio erregularraren garraio-zerbitzua planifikatze aldera; hori guztia, gune horretan dauden beste garraio-zerbitzu batzuk kontuan hartuz. Lan horiek, besteak beste, partaidetza publikoko prozeduretan oinarrituko dira.
Sustapen Departamentuari dagokio planifikatutako zerbitzuak onartzea. Onartu aurretik, Sustapenak Mankomunitateari proposamen bat igorriko dio ekarpenak egin ahal ditzan.
Foru Komunitateko Administrazioaren hiru ordezkarik eta Iruñerriko Mankomunitateko beste hiruk osatutako batzordea sortuko da; batzorde hori urtean bi aldiz bilduko da gutxienez burututako lanen jarraipena egiteko eta beharrezkotzat jotzen diren guztietan aurrera egiteko. Batzordearen lehen bilkuran beharrezkoak diren behar adina talde tekniko osatuko dira.