Saioa Alkaiza: Enplegurik gabeko langilea

Euskalerria Irratia 2014ko mai. 22a, 12:38

Langabea naiz. Edo ez. Konprak egiten ditut; etxea garbitzen dut -nere kriterio higienikoen arabera, soilik, noski-; otorduak prestatzen ditut; eta iloben bila noa eskolara. Bazkaria ematen diet, jolasten gara eta eskolara eramaten ditut, bueltan. Ondoren, txakurra paseatzen dut. Eta gero, iloben bila berriz. Etxera iritsi eta labadora jartzen dut, arropa zintzilikatu eta basura atera.

Langabea naizela maiz esaten dut, baina. Langabe sentitzen naiz; ez dudalako enplegurik. Kazetaria izan nahi dudalako eta ez dudalako periodismo munduan nere txokoa egin.

Gaur, oso triste jaiki naiz, paroan egote honek dakarren hutsune existentzialaren zama altxa ezinik. “Ze inutila naizen, zeinen txarra idazten. Ez dut lanik”, ozen esan diot nere buruari.

Zorionez, feminismoak irakatsi dizkidan gainontzeko gauzen artean, lanaren birpentsatzea ere badago. Bat-batean sistema heteropatriarkarraren trikimailuan erori naizela ikusi dut. Nola ez dut lanik izanen bada, bizitzaren zutabe den zaintza lanetan ibilita? Nola izanen naiz langabea etxeko lanak egiten baditut? Eta bertso eskola ematen badut? Eta nere beharrak asetzeko adina esfortzu egiten baldin banabil? Ezinezkoa da horrela langabea izatea. Ez dut soldatarik, baina langilea naiz.

Horregatik, dramatismoa utzi, eta nere identitatea enplegua erdigunean jarri gabe definitzen hasiko naiz. Beraz, hona hemen nere aurkezpen gutuna. Saioa Alkaiza naiz, besteak beste, bertsozalea, kazetaria, ume zaintzailea, sukaldaria -kaxkarra, baina hori beste kontu bat da-, garbitzailea, idazlea, eta etxeko lanen arduradun. Eta horiek nere abilidadetako batzuk dira, soilik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!