Anuska: Axola dit

Euskalerria Irratia 2012ko mai. 14a, 18:35

Honera etorri nintzen azkenekoan kontatzen nizuen nola ezagun bateri gobernuak hartutako neurri bat ez zitzaion gaizki iruditzen. Ordukoak, langabetueei eragiten zien; joan den astekoari buruz ez dakit zein iritzi izango duen, eta egia esan, ez lidake axola behar, gobernuari, zalantzarik gabe, axolako ez dion bezala.  Baina axola dit. Bai, axola dit. Eta beharbada bai, agintariei ere axola die. Zergatik bestela asmatzen dituzte halako esaldi maltzurrak? Turismo sanitarioaz hitz egiten dute... Noiztik dira turistak etorkinak?

Baina ez nuen honetaz hitz egin nahi. Joandako astean beste gauza bat ere gertatu zen, oihartzun gutxiago izan duena, jendeari gutxiago axolatuko diona, gutxiengo baten arazoa, hau ere. Apirilaren 26an ikusgarritasun lesbikoaren eguna izan zen. Hori ospatzeko lesbianen talde bat elkartu zen Bilboko plaza batean, bertan jolas eta elkar musukatzeko. Oraindik ere ez delako normaltzat hartzen. Ez esan baietz. Oraindik ere, iritzi kontu bat da. Eta ez naiz bakarrik gotzain horrek esandakoaz ari, ez, tamalez ez. Ez da gotzain izan behar iritzia botatzeko. Batzuek ez dute inongo arazorik lesbianekin, beste batzuek arazorik ez, baina, beti ere kalean agerikoa egiten ez badute. Eta badira ulertzen ez dutenak baina onartu onartzen gaituztenak. Horiek, kasu arinenak aipatzearren, guztiz iraingarriak albo batera utzita.

Eta bada iritzi guztien artean, saria merezi duena, iritzietan iritziena: niri ondo iruditzen zait. To, hau da hau erantzuna. Hori ilustratzeko badut adibide franko, baina ostiral honetakoa kontatuko dizuet. Bilboko konzentrazioa zauritu batekin bukatu zen. Tipo batek lesbianak iraindu eta kolpatu zituen. Ostiral gauean, hori salatzeko, Iruñean elkarretaratzea egin genuen. Pankarta atera eta gu ere ikusgarri egin ginen. Eta, hemen ere, tipo batzuk hurbildu zitzaizkigun. Erromes italiarrak ziren eta batek pankartaren esanahiaz galdetu zigun. Gutako batek itzuli zion. Lesbique? galdetu zuen. Eta baietza jasotzean: Ah, nire arreba ere lesbiana da. Ondo iruditzen zait. Onartzen dut.

Ez dakizue zenbat lesbianen anaiak eta lagunak ezagutu ditut nire bizitzan. Miraria ematen du: lesbiana zarela esan eta mordoa agertzen hasten da: lagunak, arrebak, izebak... Eta noski, hori horrela bada, tipoa jatorra da, ezta? Kontua ezagutzen du eta onartzen du, nola ez du ba onartuko? Dezente kostatu zaio eta onartzea. Sekulako lana egin du. Txalo bat, mesedez.

Erromesak aldendu ziren, eta guk arnasa hartu genuen. Unea pasatu da, ez da ezer gertatu, ez dute azalpen gehiago eskatu, ez digute luze molestatu. Eskerrik asko.

Eta zuk zer uste duzu, haien iritzia axola digula? Bere onarpena nahi dugula?

Ezetz esatea nahiko nuke. Bihotzez, egitan, ez dut onarpenik behar. Ez dut iritzirik nahi. Niretzat ez dago zer eztabaidatzerik. Niretzat, eta bertan geunden guztiontzat. Ezta nire lagun gehienentzat, ezta munduan dabilen gutxiengo zabal batentzat. Gauza batzuk ez ditugu eztabaidatzen, jada gureak egin ditugu, aspaldidanik. Iritziak, aldiz, aldakorrak dira. Eta gaur onartzen gaituenak bihar etxe barrura itzultzera behartuko gaitu, edo kontratatu zuena, jaioterrira deportatuko.

Eta orduan bai, axola dit. Besteen iritziek axola didate, haiengan oinarritzen baitdira gure aldeko edo aurkako jarrerak eta legeak, errespetua edo indarkeria. Eta orduan bai, iritzi publikora iritsi nahi dut. Eta eztabaidatu behar dut, eta azalpenak eman, behin eta berriro. Nekagarria da, merezi al du?

Nik hala uste dut. Eta nekatzen naizenean, atseden pixka bat hartzen dut. Lokartu nahi duzunean bezala: argia itzali, zaratatik aldendu eta intimitatean atseden hartzen dut. Horretara ez dira iritziak iristen... gehienetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!