Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Bidane Beloki Ezker 2024ko api. 9a, 08:17

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren" garrantzia nabarmendu du Foru Gobernuak.

Nafarroako Berdintasun Institutuak 2023ko indarkeria matxistaren datuen berri eman du berriki eta “onartezinak” direla adierazi du Maria Txibite presidenteak. “Nafarroak onartu nahi ez dituen zifrak”, alegia. Iaz,  emakumeen aurkako indarkeriagatiko 2.091 salaketa erregistratu ziren Foru Erkidegoan. 10 salaketatik ia 7  indarkeria fisiko edo psikikoagatik; %17  sexu-indarkeriagatik eta %16 babes-aginduak urratzeagatik. Sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen artean %70ak 30 urte baino gutxiago ditu. Nafarroan, urtarrilean bakarrik 179 salaketa jarri dituzte indarkeria matxista kausa.

Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerientzako Arreta Integraleko Zentroaren (SIAIZ) garrantzia azpimarratu du Foru Exekutiboak. Bihartik aurrera, egunero-egunero egonen da irekita, 24 orduz; Iruñeko Arrosadia auzoko Xabier Mina kaleko 4. Zenbakian kokatzen da. 16 urtetik gorakoek, nahiz eta aldez aurretik salaketarik ez jarri zentrora jo dezakete. Biktima berrientzako eta iraganean biktima izan direnentzako gune “segurua eta konfidentziala” dela nabarmendu dute. 17 profesionalek osatuko dute lan taldea, haien artean arreta juridikoko profesionalak, psikologoak eta Gizarte-hezitzaileak sexu indarkeria jasan duten emakumeei laguntza emateko zentroa.

Baliabidea aldez aurretik salaketarik jarri gabe erabili daiteke, eta iraganean gertatutakoak ere landuko dituzte. Arreta aurrez aurre, telefonoz 848 463 999 zenbakian, baita telematikoki ere eskainiko da caivs@fundaciongizain.es helbidearen bitartez. Informazio osagarria eskuratzeko webgunea gaitu dute, eta gainera, webgunetik berehala irteteko botoia ezarri dute, segurtasunez nabigatzeko.

Halaber, zentroan etengabeko informazioa eta orientazioa eskainiko da, prebentzioa eta sentsibilizazioa ere zentroaren ardatz izango direlako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!