Auzo guztietan euskarazko haur eskola egotea eskatu du Iruñeko Euskalgintzak

Haritz Pascual Garjon 2024ko ots. 21a, 14:24

Lehen urrats bezala Mendillorrin, Arrosadian eta Donibanen eredu euskalduna ezartzea eskatu diote Iruñeko Udalari. Datorren ikasturterako ez dute eskaintzan aldaketarik espero baina legegintzaldi amaiera baino lehen aurrerapausoak iragarri ditu gobernu taldeak.

“Duela 35 urte bezala dago gaur egun euskarazko eskaintza Iruñeko haur eskoletan” salatu dute Iruñerriko Euskalgintzako kideek, “Pasa den legegintzaldian 2015ean egindako aurrera urratsetan atzera egin eta gaur egun soilik eskola batek eskaintzen du murgiltze eredua”. Azken hilabeteotan egun Udal gobernu taldea osatzen duten alderdiekin bildu dira eta guztiek aldaketarako prestutasuna azaldu dute. “Alderdi politikoen jarrera irekia izan da, baina orain gobernuan daudelarik hurrengo ikasturtean aldaketarik ez dela izango adierazi dute” salatu du Ane Apezetxea bozeramaleak, “Guretzat ez dira berri onak izan. Hala ere, Asironek legegintzaldiko helburu moduan, auzo guztietan haurrak ikasteko aukera izatea aipatu zuen. Adierazpenok itxaropena ekartzen dute, baina estu jarraituko ditugu mugimenduak”.

Plataformak bide batez, haur eskola gehiagoren beharra iradoki die agintariei, “Iaz eskaeren %80a plazarik gabe geratu baitzen”.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!