Bertsolari txapelketako finalaren herri bazkarirako txartelak bukatu dira

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 15a, 10:06

Bertsozaleak BECen sartzen, 2017an. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Sadar estadioan etxetik eramandakoak estalpean jateko aukera izanen dute sarrera dutenek.

13.000 lagun hartuko ditu Nafarroa Arenak igandean. Azkar amaitu ziren saioa ikusteko sarrerak, eta finalerako hiru egun falta direla agortu dira herri bazkarirako txartelak. NUPeko kirol instalazioetan antolatu du Bertsozale Elkarteak, eta Zubillaga enpresak eskainiko du.

14:30 aldera amaituko da goizeko saioa, eta guztiak iristera itxaron gabe iritsi ahala mahaian eseri eta bazkaltzeko aukera izanen dute txartela dutenek. Zerbitzuak ordubete inguru iraungo du.

Txartela ez dutenek Sadar estadioan izanen dute jateko aukera. Etxetik eramandakoak estalpean hartzeko azpiegitura prestatu du elkarteak. Estadioko taberna eta komunak erabilgarri izanen dira, eta musika egonen da tarte horretan.

Kontuan hartzekoak

Bertsozale Elkarteak 350 lagun baino gehiago jarriko ditu lanean finalaren egunean dena ondo atera dadin. Beraz, aretora sartzeko zein barruan, une oro atean zein barruan egongo diren antolakuntzako langileen jarraibideei jarraitzeko eskatu dute. Goizeko saioa 11:00etan hasiko da (ateak 09:00etan irekiko dira); arratsaldekoa, 17:00etan (ateen irekiera 16:00etan).

Aretora ezingo da objektu puntadunik (tartean, aterki handirik), beirarik, latarik, alkoholik edota sua eragin dezakeen materialik sartu. Objektu horiek ekartzekotan, eguerdirako behar direlako, Sadar estadioan jarriko den kontsignan gorde beharko dira. 

Entzule bakoitza dagokion eremura sartu beharko da, eta behin barruan, ezingo da eremu batetik bestera pasa. Eremu bakoitzak bere sarbide propioa du: harmailetako A, B zein C ateak erabili beharko dira; pistarako Pista1 eta Pista3 sarrerak; eta erreboterako, A sarrera. Eremu bakoitzeko eserlekuak ez dira zenbakituak. Aniztasun funtzionala duten pertsonek harmailaren eremutik segitu beharko dute saioa, eta C atea erabili beharko dute aretora sartzeko. Handik, antolakuntzako kideek lagunduko dituzte haien tokietara.

Sarrera erakusterakoan, eskumuturreko bat jantziko dizute antolakuntzako kideek. Aurrerantzean, hori izango da egun osoan zehar sarrera gisara erabiliko dena.

Goizeko saioa amaitzen denean, Nafarroa Arena hustu egingo da. Bertsozale Elkartea ez da zentzu horretan gerta daitezkeen gaizki-ulertuen erantzule egingo, ezta lekua gordetzeko utz ditzakeen objektu pertsonalen arduradun egingo. Hala ere, goizean eta arratsaldean eserleku bera mantentzea gomendatzen dugu.

Aretoaren arkitekturak ez du pankarta edo antzekorik zintzilikatzea baimentzen, publikoaren ikusgarritasunean eragingo lukeelako.

Aretoaren barruan, hainbat gune

  • Informazio gunea: A atearen ondoan egongo da. Edozein argibide behar izatekotan, horra jo daiteke.
  • Puntu morea: Informazio gunean bertan, A atearen ondoan. Bertsolari Txapelketa Nagusia eraso matxistarik gabeko bertsoaren festa izatea nahi du elkarteak, eta saioan gerta daitezkeen eraso matxistei erantzuteko atonduko du puntu morea.
  • Tabernak: Solairu guztietan daude, bigarrenean salbu. Areto barruko tabernak irekita egongo dira saioan zehar.
  • Erretzeko gunea: Pista3 atean ondoan eta A eta C ateen kanpoaldean egongo dira.
  • Komunak: Solairu guztietan daude.
  • Haurren Txokoa: -1 solairuan dago, pistako mailan. Handik ezingo da saioa ikusi. Zerbitzuaz baliatzeko izena eman behar da.
  • Postuak: 0 solairuan hainbat elkartek eta erakundek jarritako postuak egongo dira.
  • Kontsigna: Sadar estadioan egongo da kontsigna, estadioaren 24. Atearen ondoan. 08:00etatik 11:30era utzi ahal izango dira objektuak, eta goizeko saioa amaitutakoan jaso, arratsaldean ez baita zerbitzurik eskainiko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!