Eva Aranguren (EH Bildu): "Alarma faltsu batean oinarritu du Navarra Sumak kameren beharra"

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 31a, 10:45

Kaleetan kamerak "justifikaziorik gabe handitzeak" intimitaterako oinarrizko eskubidea urratzen duela salatu du EH Bilduk. Eva Aranguren zinegotziarekin mintzatu da Euskalerria Irratia.

Kameren ugaritzea iragarri du Iruñeko Udalak. EH Bilduko zinegotziak ohartarazi du erabakiak ez diola "benetako segurtasun-arazo bati erantzuten". "Eskuinak herritarrei kontrol soziala inposatzeko duen obsesioari erantzuten dio", azaldu du. Intimitaterako oinarrizko eskubidearen urraketa dakar, bere aburuz.

Zinegotziak azaldu duenez, kriminalitateari buruzko datuak ez dira nabarmen handitu 2021ean, sexu-abusuak eta erasoak izan ezik. Gehienak etxe eta espazio itxietan gertatzen dira, eta, beraz, elementu horien eraginkortasuna ez da garrantzitsua izango, haren iritziz.

Alderdi abertzalearentzat, alkatetzak urtarrilean abiarazi zuen alarmismo sozialaren eta familia erreferentziarik gabeko adingabe atzerritarren kriminalizazioaren estrategiaren bigarren zatia da. "Paradoxikoa dela Navarra Sumarentzat txartel bidezko edukiontzien erabilera pertsonen intimitatean sartzea izatea, baieztapen guztiz barregarria, eta aldi berean, kaleetara begira kamerak jartzea segurtasun kontua izatea".

Kameren %55eko igoera dakar lehendik funtzionatzen zuten 106ekin alderatuta, eta %173koa herritarren segurtasunerako erabiltzen zirenekin alderatuta (36). "Gehiegizkoa da, ez da bidezkoa, ez da eraginkorra eta pertsonen intimitatearen aurka egiten du; horregatik, aztertzen ari gara zer erakundetara jo informazioa eman dezaten, eta, lehenengo eta behin, Arartekoa aztertzen ari gara", azaldu du EH Bilduk.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!