Prebentzio lan komunitarioa egiten duten elkarteei babesa, arratoiak, covida, covidaren aurkako neurriak, txertoak, Noaingo batailaren 500. urteurrena… Azken aldian puri purian izan diren gaiak irudietara eraman dituzte aurten ere Iruñeko peñek. Zalantzarik gabe, dena den, Enrique Maia Iruñeko alkatearen azken erabakiak dira nagusi 2021eko “ez sanferminetako” oihaletan. Hipika erakustaldiak gehienetan ageri dira, besteetan xake irudiak Nafarroako eta Iruñeko ordezkari politikoekin. Horiek dira uda honetarako sanferminen ordez Iruñeko Udalak egin dituen proposamenak, eta peñetan ere kritiko azaldu dira erabakiekin. Iruñeko Udalak San Ferminetako mahaia jostailu hautsi bilakatu dutela salatu dute aurkezpenean.
Iaz bezala, baina, aurten ezinen dituzte pankartak kalean dantzatu; eta urtebetean testuingurua aldatu dela jakitun, ardura eskatu dute beste behin. Hurrengo jaiak iritsi bitartean, esertzeko eta hausnartzeko une aproposa da peñen federazioen ustez, eta hori egitera gonbidatu dituzte herritarrak.