Ezgaitasunen bat dutenentzako aparkalekuak ez direlako pribilegio bat, kanpaina martxan

Euskalerria Irratia 2019ko ots. 28a, 13:49

Pertsona ezgaituen plazen erabilera egokirako kanpaina jarri dute abian Iruñeko Udalak eta Cocemfe Elkarteak,Pertsona ezgaitu fisiko eta organikoen Federazioak.

Ez da VIP gune bat, behar bat da goiburua izanen du eta ezgaitasuna duten pertsonek duten aparkatzeko eskubidea aitortu eta errespetatu behar zaiela nabarmenduko dute.

Jende askok baliatzen ditu ezgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko tokia: bi minutu baino ez dira izanen kutxazainean dirua ateratzeko, edota, ogia erosteko sartu irtena baino ez dut eginen. Benetan toki horiek behar dituzten pertsonentzako eragozpen handia dira bi minutu horiek. 

Iaz 383 herritarri jarri zitzaien isuna ezgaitasuna duten pertsonentzako tokian aparkatzeagatik halako txartelik izan gabe eta 126 txartel erretiratu zituzten erabilera okerra egiteagatik. Guztira Iruñean 4.000 txartel daude banatuak ezgaitasuna dutenenen artean eta 600 aparkaleku daude erreserbatua haientzat.

Sentsibilizazio kanpainarako ezgaituentzako aparkalekuetan txartel erraldoiak jarriko dituzte mezu honekin: Ez da VIP gune bat, behar bat da. Eta ezgaituek igorritako mezuak ere irakurri ahal izanen dira txartel horietan. Horrez gain, udaltzaingoa are arreta handiagoz eginen ditu zaintza-lanak. Erreserbatutako toki horietan autoa uzteagatik 200 euroko isuna jartzen dute eta txartela oker erabiltzeagatik 500 eurokoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!