Datorren apirilean jarriko da abian bizikleta-aparkaleku berria San Anton kaleko 7an, Alde Zaharreko bizilagunentzat 57 leku eskainiz. Goizean Udalbatzak bisitatu du lokala; bizilagunendako bizikleta-aparkalekuak egiteko Iruñeko Udalak sustatu duen bi urteko planari buru eman dio horrek, Alde Zaharreko, Milagrosako eta Arrotxapeko hainbat lokaletan guztira 509 leku sortuta.
Ostegunean, otsailak 14, ate irekiko eguna izatea aurreikusi da, aparkaleku berri honetan lekua eskatu nahi dutenak instalazioak ikustera hurbil daitezen eta izapide guztien berri izan dezaten. Ordutegia izango da 11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Aurreikusi denez, bihar, otsailak 13, asteazkenarekin, argitaratuko da lekuak eskatzeko deialdia Nafarroako Kontratazioaren Atarian; horrek eskaerak egiteko 20 eguneko epeari emango dio hasiera, martxoaren 5ean amaituko delarik.
Betebeharrak eta baldintzak
Bizikleta-aparkalekua San Anton kaleko 7an prestatutako lokal batean kokatuta dago. 57 leku ditu, horietako 10 haur-bizikletetarako, eta betiere Alde Zaharreko bizilagunentzat. Mugikor-aplikazioaren bidez sartzen da, erabiltzaileari lotutako telefonotik telefono zenbaki batera deituz edo sarbide-gakoaz. Aparkalekua erabiltzeko araubidea eta baldintzak Nbici-Biziz bizikleta-aparkaleku publikoko zerbitzuaren erabilera arautzen duen udal-ordenantzan jasotzen dira.
Gaur bertan Tokiko Gobernu Batzarrak lekuen erabilpena esleitzeko baldintzak onetsi ditu bere saioan. Urte baterako emango dira eta urtero berez berrituko, gehienez hamar urtez, betiere esleipendunak baldintzetan jasotzen diren betebeharrak betetzen jarraitzen badu.
Leku horiek eskatu ahal izateko, eskatzaileek Alde Zaharrean erroldatuta egon beharko dute. Gainera, adinez nagusi izan beharko dute ala, 14 - 17 urte bitartekoak badira, gurasoen baimena aurkeztu. 14 urtetik beherakoentzat, gurasoek edo legezko tutoreek eskatuko dute lekua, adingabea azken onuraduna izango delarik. Halaber, eskatzaileek eguneratuak izan behar dituzte Iruñeko Udalarekiko tributu-betebeharrak eta bestelakoak.
Eskaeretan gehienez ere 100 puntuko balorazioa emango da. Eskatzailearen errenta-mailagatik 40 puntu emango dira, gehienez; gehienez 50 puntu etxebizitzatik aparkalekurako tarteagatik; eta gehienez 10 puntu eskatzailearen etxebizitza dagoen eraikinean oztopo arkitektonikoak badaude.
Lekua erabiltzeko urteko tarifa 60 eurokoa da helduendako lekuetan, eta 30 eurokoa haurrendako lekuetan. Tarifa murriztuko bi mota daude, diru-sarreren arabera. A tarifa murriztua (30 euro urtean, ala 15 euro haurrendakoetan) Errenta Bermatua jasotzen dutenek eskuratu ahal dute, betiere horrela adierazi badute eta eskabidean beharrezko ziurtagiriak erantsi badituzte. B tarifa lekuen esleipen-baldintzetan errenta-mailaz bezainbatean ezarritako baremoetara iristen ez diren familia- edo bizikidetza-unitatean daudenei dago zuzenduta. B tarifa 45 eta 22,5 euro bitartean dago, helduendako lekuetan eta haurrendakoetan, hurrenez hurren.