Iruñea da protagonista Pedro Salaberriren lanetan. Hiriko txoko desberdinak daude ikusgai bere artelanetan. Baina herrietara ere gerturatu da: Astrain, Oskoz eta Lekaroz, besteak beste. Baita mendiak eta animaliak ere: Behi artaldeak, zaldiak... Hori du berritik Salaberriren erakusketa berriak, arkitektura, natura eta animaliak uztartu dituela. Kondestablearenean dagoen erakusketa azken lau urteotan egindako lanen erakusle da. Oihal gaineko 72 olio-pintura dira guztira eta urtarrila arte izanen dira ikusgai.
Koloreak ikusi daitezke nagusiki. Eta Salaberrik gehien maite dituen txokoak islatzen ditu oihaletan. Behin eta berriz leku berberetatik igaro arren beti begiztatzen du berritasunen bat. Eta horixe da pintura bilakatzen duena. Harmonia eta edertasuna helarazi nahi ditu bere lanen bidez. Bere pasioa konpartitzea baino ez du bilatzen artista iruindarrak.