'Nafarroako Azoka Ekologikoa' eginen dute heldu den asteburuan

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 12a, 13:16

Autobus geltoki zaharrean 50 enpresa ekologikok baino gehiagok parte hartuko dute. Olioa, zerealak, lekaleak, kontserbak, haragiak, frutak... aukera zabala izanen da.

"Nekazaritza ekologikoan ekoiztutako jakiak herritarrei ezagutzera ematea". Horixe du helburu Nafarroako Azoka ekologikoak. Bigarren aldia izanen da aurtengoa; iazkoa arrakastatsua izan zen oso: 10.000 lagunek bisitatu zuten.

50 enpresa baino gehiagok parte hartuko dute azokan, 40 erakus mahai baino gehiago eta produktu ekologikoak salduko dituzte denek, Iruñeko autobus geltoki zaharrean. Askotariko produktuak izanen dira: besteak beste, olioa, zerealak, lekaleak, kontserbak, haragia, hestekiak, fruta, barazkiak, arrautzak, eztia eta pastak.

Ez hori bakarrik, horiez gainera, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, show cooking-ak, dastaketak eta jateko gunea izanen dira.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak lagundu dute azoka. Patricia Perales  Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotziak esan du "orain arte elikadura erabat ahaztuta" izan dutela instituzioek, baina, orain “dagokion garrantzia” eman diotela.

Isabel Elizalde kontseilariak ere oroitarazi du Nafarroak jaki ekologikoak ekoizteko 48.024 hektarea dauzkala eta hori oso positibotzat jo du, halaber, Nafarroako Gobernua "beti ekoizleekin" izanen dela azpimarratu du.

Hilaren 19tik 21era

Nafarroako azoka ekologikoa Maiatzaren 19tik 21era zabalduko dute, alegia, hurrengo ostiraletik igandera arte, Iruñeko autobus geltoki zaharrean. Ostiralean arratsaldez, larunbatean egun osoan eta igandean goizez egonen da irekita.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!