Arte iraungikor kontzeptuaren ezaugarria da iheskortasuna. Land Art delakoa, edo paisaiaren gaineko artea, arte garaikide iraungikorreko modalitate bat da, eta Iruñeko Udalak udaberrian harekin bat egitea erabaki du. Dagokion udal-zerbitzuak "lorategi iraungikorrak" diseinatu eta gauzatzea da proposamena, era mailakatuan, hiriko hainbat gunetan. Ekimena Iruñeko berdegunetan proiektatuko da, hiriko lorategiek 3 milioi m2 baino gehiago baitituzte.
Probatzen hasteko Ziudadelako lubanarroak aukeratu dira. Herritarrek jada diseinu horietako lehena ikus dezakete gotorlekutik Laguntza atetik irtenda ezkerraldean dagoen belardian, Iturramako norabidean.
Berdeguneak berriro ere banakatzea da asmoa, hor daudela nabarmenduz. Iruñeko lorategiak mihise gisa erabiltzea, paisaia koadroaren zati bat izateaz gain, koadroa bera izan daitekeela erakusteko. Txunditzea eta pentsaraztea da ekimenaren helburua, berdeguneen banakatze une bat iradokitzea herritarrei, eta erabilera komuneko ondare natural honen gainean arreta-fokua jartzea. Land Art mugimendu artistikoa 60ko hamarkadako erdialdean sortu zen AEBn eta mendebaldeko Europan, ekologismoari lotuta, ingurumenaren defentsa gisa.
Iruñeko Udalak diseinatutako ekintzen kasuan, esku-hartzeak beti neurritsuak eta itzulgarriak izango lirateke, eta iraunkortasun baxua izango litzateke haien ezaugarri komuna. Lorategietan forma iradokitzaileak sortu nahi dira, soropila moztean altuera ezberdinekin soilik jolastuz , edo berrerabilitako materialekin. Ekimen honen kostua oso baxua da, gauzatzeko sokak, markagailuak eta irudimen pixka bat besterik ez direlako behar. Udalaren Lorategietako Zerbitzuko langileek egingo dituzte diseinuak.
Eskala handiko diseinu hauek harrera onik badute, proiektua iragarriko diren hiriko beste gune batzuetara hedatuko da, eta denboran ere luzatuko da. Hori bai, beti udaberrian egingo dira, eta sanferminetan izango dute epemuga. Uda heltzearekin batera diseinu iheskor hauek desagertu egingo dira, belarra moztuko baita.