Iruñeko istiluak "terrorismo delitu" direla berretsi eta Madrilen ikertu nahi ditu Audientzia Nazionalak

Euskalerria Irratia 2017ko api. 27a, 19:17

Martxoaren 11ko Iruñeko kale istiluak. Arg: EITB.

Carmen Lamela epailearen ustez "nahikoa da elementu terroristekin harremana izatea" delitu hori egozteko.

"Borroka da bide bakarra, "Gora ETA" eta "Euskal Presoak" akusatuek ustez jaurtitako ohiuak jarri ditu froga gisa Audientzia Nazionaleko epaileak delitu terrorismoa argudiatzeko. Ez da beharrezkoa gertaeren ustezko egileak talde armatu eta terroristetako kide izatea; nahikoa da elementu terroristekin harremana izatea. Hainbat arrazoi aipatu ditu Lamelak tesi horri eusteko. Batetik, argudiatu du atxilotuek ustez egindakoa ez zela "ekintza bakana" izan, Iruñean izandako "indarkeriazko ekintza multzoari egindako ekarpena" baizik. Gainera, egotzitako delituen "larritasuna" nabarmendu du epaileak: "bake publikoan" eragin zutela, eta "arrisku larrian" jarri zituztela poliziak eta gainerako herritarrak.

Hala, martxoaren 11n Iruñean manifestazio baten ondoren izandako istiluengatik atxilotutako gazteak Madrilen epaitzeko atea irekita mantendu du Audientzia Nazionalak, Nafarroako Lurralde Auzitegiak duela bi aste kaleratutako ebazpen batean zihoen arren gertaera horietan ez zegoela terrorismo deliturik.

Defentsak Auzitegi Gorenera jotzeko auekra dauka orain, Altsasuko Auzia-ren bide bera egingo luke beraz.

 Epaileak atzera bota du Errepresioari autodefentsa lelopean egindako manifestazioan atxilotutako gazteen helegitea, eta auzia Auzitegi Nazionalean ikertu behar dela esan du. Helegitea jartzeko aukera dute gazteek. Atxilotutako gazteetatik hiru kartzelan dituzte martxoaren 11tik —libre utzi zuten laugarrena, adingabea delako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!