Komikiarekin topaketa eta Karmele Jaio idazlearen hitzaldia, Civivox sarean

Euskalerria Irratia 2017ko api. 27a, 08:00

Euskarazko liburuen irakurketa publikoaren XVIII. edizioaren protagonista izango da ere Jaio, ostiral goizean, Biurdana BHIn.

Narrazioko literatur jardunaldiak ostegunean amaituko dira, Civivox sarean, euskarazko bi saiorekin. Goizean, 12:00etan, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak Belatz marrazkilariarekin izango dira, eta arratsaldean, Karmele Jaio Eiguren ipuin-kontalari, narratzaile eta poetak Fikzioaren egiak izeneko saioa eskainiko du, 19:30ean, eta sarrera librea izango da. Egile arabarra protagonista izango da, baita ere, euskarazko liburuen irakurketa publikoaren XVIII. edizioan, apirilaren 28an, Biurdana BHIk  Iruñeko Udalarekin eta Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatutako ekimenean

Narrazioari buruzko VI. jardunaldiak apirilaren 24 hasi ziren, astelehenarekin, eta literaturan errealitatearen eta fikzioaren arteko dialektika dute ardatz, bai eta haren mugen jatorria ere. Ziklo honen barruan bost jarduera programatu dira: biharko biak, beste topaketa bat ikasleekin, prosa poetikoa ardatz duen irakurketa bat eta hitzordu narratibo bat, gaztelaniaz. Narrazioko literatur jardunaldiek hainbat sormen-generotatik heldu ohi diote literatura-egintzari. Oraingoan, zine dokumentala eta komikia hartuko dituzte ardatz.

Iruñeko Udalak literaturari oro har eskaintzen dizkion hiru zikloetako bat da honako hau. Poesiari buruzkoa otsailean egin ohi da, eta ahozko narrazioari buruzkoa azaroan programatu ohi da urtero.

Fikzioaren egiak

Nafar Ateneoaren eta Biurdana BHIren eskutik dator jardunaldietara Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, 1970). Kondestableko ekitaldi-aretoan eskainiko duen hitzaldian, fikzioa errealitatera hurbiltzeko modu gisa aldarrikatuko du, izan ere, literaturak, –adierazpidea eta idazleak komunikatzeko duen modua den aldetik–, erreala den zerbait transmititu nahi du, beste modu batean adierazi ezin litzatekeen hori. Jaioren arabera, fikzioa –arketipoen eta eraikuntzaren zama guztiarekin– errealitatera modu egokiago batean hurbiltzeko nolabaiteko bidea da.

Idaztearen sormen-prozesuari buruzko esperientziak azalduko ditu baita ere egileak. Jaioren kasuan prozesu horrek genero ezberdinak barne hartzen ditu, hiru ipuin-liburu idatzi baititu –Hamabost zauri (2004), Zu bezain ahul (2007) eta Ez naiz ni (2012)–, bi eleberri –Amaren eskuak (2006) eta Musika airean (2009)–, eta olerki-liburu bat –Orain hilak ditugu (2015)–. Haren lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira, zinemarako eta antzerkirako egokitu dira, eta Jaioren ipuinak hainbat antologiatan jaso dira; azkenak, Best European Fiction 2017 nazioarteko antologian.

Biurdana BHIko irakasle Iñaki Urizek aurkeztu eta moderatuko du hitzaldia. Izan ere, apirilaren 28an, ostiralarekin, idazle arabarra euskarazko liburuen irakurketa publikoaren XVIII. edizioaren protagonista izango da, Biurdana BHIk  Iruñeko Udalarekin eta Nafar Ateneoarekin elkarlanean antolatutako ekimen horretan. Jaioren lanen zenbait zati irakurriko dira,09:00etatik 14:00etara,, Biurdana BHIan, eta sarrera librea da interesa duen edonorentzako.

Errelatoa bineten bidez egiten denean

Bihar eguerdian, Mikel Santos Belatz (Iruña, 1971) komikigile profesional eta ilustratzailea ikasleekin batera bilduko da Kondestableko hitzaldi-aretoan. Komikia: kontatzeko artea izeneko saioan, marrazkilariak komiki bat asmatu eta eratzeko oinarrizko printzipioak azalduko dizkie Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleei, horretarako adibide praktikoak erabiliz. Belatzek egilearen lan-prozesua azpimarratuko du: ideia, zirriborroa, eskaneatzea, eta azken ukituak tableta grafiko zein ordenagailuarekin, kolorea emateko eta bestelako tratamenduak egiteko.

Mikel Santos Belatzek haurrendako hainbat ipuin ilustratu ditu, Penguin argitaletxe ingelesarendako egindako lan bat nabarmentzen delarik: Tim Burton errealizadorearen The Nightmare Before Christmas filmaren liburu-egokitzapena ilustratu zuen, eta Burtonek berak pertsonalki gainbegiratu zuen bere lanaren irudikapen grafikoa. Egun haurrendako hainbat ipuinetan dabil lanean, baita aurten argitaratzea espero duen eleberri grafiko batean ere. Halaber, Mikel Urmenetaren sormen-taldeko marrazkilari izan da.

Narratibako VI. literatur jardunaldiak

Apirilak 27, osteguna. Topaketa ikasleekin ... BELATZ

  • Komikia: kontatzeko artea
  • Hitzaldi-erakustaldia
  • Hizlaria: Mikel Santos (Belatz), ilustratzailea eta marrazkilaria
  • Hitzaldi-aretoa. 12:00 Aldez aurretik izena eman behar da edozein Civivox zentrotan.

Apirilak 27, osteguna. Hitzordu narratiboa... KARMELE JAIOrekin

  • Fikzioaren egiak
  • Hizlaria: Karmele Jaio Eiguren, idazlea
  • Areto Nagusia. 19:30
  • *Nafar Ateneoarekin eta Biurdana BHIrekin elkarlanean kudeatutako jarduera

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!