6.000 euroko isuna emakume bati indarkeria salaketa faltsua jartzeagatik

Euskalerria Irratia 2017ko api. 26a, 19:13

Epaiaren arabera, emakumeak ukituak egin izana egotzi zion gizonezko bati, baina gerora halakorik ez zela gertatu frogatu ahal izan denez, 9.561 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

Aurreko urteko sanferminetan aipaturiko emakumeak salaketa aurkeztu zuen eta, ondorioz, gizonezkoak bi egun igaro zituen Iruñeko Udaltzaingoaren ziegan, sexu erasoa leporatuta. Gerora, salaketa artxibatu egin zuten.

 

Gertaerak Iruñeko Gazteluko plazako taberna batean jazo omen ziren, larunbat gauean. Horrez gain, beste gizon batek haren bikotekidea eta horren anaia kolpatu zituela esan zuen emakumeak. Hala ere, borrokak ez omen zuen zerikusirik izan salatutako gertaerekin.

 

Gerora, tabernako segurtasun kamerek hartutako irudiak aztertu zituzten eta akusatuak ez ziola ukiturik egin ikusi zuten. Are gehiago, ukituak egin zizkiona bere bikotekidea izan zela frogatu zuten. Epaiaren arabera, emakumeak salaketa jarri zuenean jakin bazekien ukituak egin zizkiona bere bikotekidea izan zela.

 

Salaketaren ondorioz, gizonak bi egun igaro zituen ziegan. Gainera, handik irtendakoan, gaixoaldian egon zen uztailaren 12tik 22ra.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!