Geltoki proiektuko obrak amaituta autobus-geltoki zaharrean

Euskalerria Irratia 2017ko api. 26a, 17:59

Iruñeko alkatea, Hirih¡gintza Batzordeko eta Gerentziako kideak gaurko bisitan.

Erdiko espazioa, 14 leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia moldatu dira. Maiatzaren 19, 20 eta 21ean eginen da bertan Nafarroako II Azoka Ekologikoa.  

Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek, Iruñeko alkate Joseba Asiron buru zutela, autobus-geltoki zaharra bisitatu dute gaur goizean. Geltoki proiektua garatzeko birmoldaketa-lanak aste honetan amaituko dira leihatila-gunean eta tabernan. Guztira 1.048,00 m²-ko azalera erabilgarri batean egin dira lanak: erdiko espazioa, 14 leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia. Horiei terrazen 370 m²-ak eta sotoaren 101 m²-ak gehitzen zaizkie.

Aurreko bisitetan ikusi ahal izan den bezala, Oliveto Kondearen etorbidean mantenduko da sarrera nagusia, eta Tutera kaletik sartzeko ate bat gehitu da. Kafetegia beheko solairuan egonen da, eta tabernako sarrera, Oliveto Kondearen etorbidean. Aldez aurretik zeuden komunak aldatuko dira, eta leihatilen-guneko zein tabernako erabiltzaileei emanen diete zerbitzua. Komun horiek nasen ondoan daudenei gehituko zaizkie. Birmoldaketa-lanak egin bitartean jolastokiak bere horretan jarraitu du, lanak antolatu baitira jarduera hori eten gabe egin behar zirela aintzat hartuta.

Lanak Construcciones Mariezcurrenari esleitu zitzaizkion, 683.471,63 euroan (BEZa barne). Hori hasiera batean aurreikusitako gehieneko aurrekontua baino % 14,41 gutxiago da, 798.541,46 eurokoa baitzen (BEZa barne). Birmoldaketa proiektua udaleko teknikariek idatzi dute.

Autobus-geltoki zaharrean berriro sartu

Bisitan, leihatila-gunera sartzea autobus-geltoki zaharrean berriro sartzea bezala dela ikusi ahal izan da, leihatila-guneak zuen itxura mantendu baita. Baldosa hidraulikozko antzinako zoruak kontserbatu dira, eta ordezkatzekotan, zementu itxura duten apaindurazko akaberak hautatu dira. Leihatilen diseinua ere mantendu da. Pertsianetako batzuk aldatu dira guztiak metalezkoak izan daitezen, eta gainontzeko hormak eta sabaiak margotu dira, espazioa argitsuagoa izateko. Azkenik, elektrizitate-hargune berri bat jarri da leihatila-gunerako eta tabernarako, lokala aireztapen-instalazioz hornitu da, eta berokuntza aldatu da. Kanpoaldean, fatxadako arotzeria ordezkatu da zubi termikoaren haustura duen aluminiozko batengatik, beira bikoitzarekin. Lehen solairuko terrazak iragazgaiztu dira, modu horretan eraikinaren inguratzaile termikoa hobetuz.

Kultur gunea, azoka soziala, sukaldaritza-gunea eta jarduera-gunea

Leihatila-gunearen eta tabernaren diseinuan elkarte-talde batek aurkeztutako ekimena aintzat hartu da, zeinak lau gune ezberdindu ezartzea proposatzen zuen: kultura- eta gizarte-gunea, alternatiba ekonomikoei buruzko foro eta kanpainekin; azoka sozialaren gunea, produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta-postuekin; sukaldaritza-gunea, tokiko elikadura-eskola artisau eta ekologiko batekin eta bidezko merkataritzarekin; eta jarduera- eta azoka-gunea, izaera soziala, ekonomikoa eta kulturala duten ekimenekin. Kudeaketa lehiaketa publikoaren bidez esleitzea aurreikusi da.

Geltoki proiektua joan den urteko martxoan aurkeztu zuen udal-erregistroan honako erakunde hauek osatzen duten talde eragileak: REAS Nafarroa elkartea, Arrea elkarte agroekologikoa, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartea, Arte para Todos elkartea (Dormitalería 54), Artisten Auzoa elkartea, Nafarroako Fiare elkartea, Landare elkartea, Slow Food elkartea, NNPEK - Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, Gaztelan fundazioa, Emauseko Trapuketarien fundazioa eta Napar Bideak S. Koop. Gizarte-ekonomia zein ekonomia solidarioa bultzatzea eta buruaskitasun ekonomikoa dira proiektuaren helburuak, produktuen salmentari esker kultur jarduera finantzatu ahal izango baita, baita gizarte-ehuna sustatukoduen ekimen ireki eta anitz bat eraikitzea ere.

Ekitatea, ingurumenaren jasangarritasuna, elkarlana, irabazi asmorik eza eta ingurunearekiko konpromisoa dira Geltokiren oinarri filosofikoak. Hala, Hiriko Elikadura Politikako Ituna betetzen du, 2015eko Milango expoaren harira sortutako sare bat, zeinetan ehun bat hirik parte hartzen duten, Iruña barne. Milango Itunaren xedea da elikadura-gobernantza zein tokiko elikadura-sistemak indartzea, eta elikatzeko sistema bidezkoak eta jasangarriak sortzea.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!