Auto istripuz hildakorik ez egoteko kalez kale hartu beharreko neurriak aztertuko ditu brigada batek

Euskalerria Irratia 2017ko api. 25a, 13:41

Iruñeko Udalaren 2017-2021 Hiriko Errepideen Segurtasun Arauen Plan Integralaren parte da neurria. 44 neurri proposatu dituzte. Orain, 2'5 pertsona hiltzen dira urtero ibilgailuek harrapatuta.

Auto istripuz hildakorik ez egotea da Iruñeko Udalaren xedea, horregatik mugikortasun brigadako hainbat agentek ikerketa eginen dute, kalez kale, eta bakoitzarentzako konponbide egokia zein den finkatuko dute, izan abiadura aldatzea, ikusgarritasuna hobetzeko neurriak hartzea edo esku hartzeak egitea.

Egun, 2’5 lagun hiltzen dira urtean Iruñean, auto istripuen ondorioz. Nolanahi ere,z enbakiek behera egin dute azken urteetan: 1993-2003ra bederatzi persona erailtzen zituzten ibilgailuek. Dena dela, errepidean inor ez hiltzea denez asmoa, are neurri gehiago ezarri behar dituztela deritzo Aritz Romeo Segurtasun zinegotziak.

Hala, 2017tik 2021era Hiriko Errepideetan Segurtasun Arauen Plan Integrala martxan jarriko du udal gobernuak eta hor. Horren bueltan, 44 ekintza abiatuko ditu. Zazpi arlotan banatuta: bat, hezkuntza; bi, kontzientziazio kanpainak; hiru, jardunaldiak; lau, esku hartzeak -adibidez, zebra bideak ezartzea eta ikusgarritasuna hobetzea-; bost, prebentzio neurri gehiago -esaterako, poliziaren kontrol gehiago-; sei, neurri administratiboak indarrean jartzea; eta zazpi, babes ekintzak garatzea -mugikortasun planak garatuz edota teknologia berrien ezarpena txertatuz-. Planak "herritar guztien segurtasuna hobetzea" duela xede esan du Romeok.

Gehienak, autoak

Hiriaren egungo egoeraren analisia ere aurkeztu du udalak eta zero hildakora iristen uzten ez duten hainbat faktore azpimarratu: Iruñean ibilgailu partikular asko ibiltzen dela esan du Romeok, %41; bizikleta %2ak baino ez du erabiltzen.

Bide batzuk "gainezka" daude: hala nola, Konde Olibeto edota Padre moret. Eta beste batzuk oso gutxi erabiltzen dira, esatarako Ermitagaña eta Sadar kaleak. Gainera, semaforoak autoei begira baino ez daude eta toki askotan oinezkoek ikusgaitasun gutxi daukate.

Ekintza zehatzak, abian

Ekimen zehatzei dagokienez, 2017an seinale zenbait berrituko ditu udalak, Ermitagañan biribilgunea eraikiko du, Lunbier kalean segurtasuna hobetuko du, Orbinan zebra bide gehiago ipini ditu eta hirian motorrentzako aparkalekuak sortuko ditu, besteak beste.

Abiadura muga ezarri gabe

Zeresana eman du mugikortasun zinegotzi Armando Cuencak kaleen abiadura muga orduko 30 kilometrokoa izatea proposatzeak Aritz Romeok Segurtasun zinegotziak adierazi du proposamena mahaiaren gainean egon badagoela, baina "abiadurarena tresna guztien artean, beste bat baino ez" dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!