124 ekarpen onartuta IkerGazte kogresurako

Euskalerria Irratia 2017ko api. 3a, 17:54

Maiatzaren 10etik12ra eginen da Iruñean ikerlari gazteentzako kongresua, UEUk antolatuta NUPekin elkarlanean. Izena emateko epea zabalik dago apirilaren 30era arte. 

IkerGazte II kongresua Iruñean eginen da aurten. 

Kongresu honen lehen edizioa Durangon ospatu zen 2015.eko maiatzean. Antolatzaileen arabera "orduan erakutsi genuen badela euskaraz ikertzen duen euskal komunitate zientifikoa; giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean jarduten duen nazioarteko ikertzaile-komunitate euskalduna."

Lehen kongresuan bezala, ikertzaile gazteak bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea izanen da bigarren kongresuaren xede nagusia. Ikerlari gazteak daude parte hartzera deituak: "Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; ikerketa lan baten egile zaren horri, tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.

Kongresuari hasiera emateko nazioartean izena duen hizlari bat izanen da. Saio zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izanen dira bai ahoz aurkeztuta bai poster formatuan.

 Kongresuan parte hartuko dugun ikertzaileon arteko harremanak errazteko tailer, mintegi eta bisita interesgarriak antolatzen ari dira. Horretaz gain, kongresuak iraun bitartean Iruñean bertan lo egiteko aukera izanen dute parte hartzaileek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!