Noé Bermejoren arte instalazioak, Ziudadelan

Euskalerria Irratia 2017ko api. 3a, 08:07

Argazki-marko, marrazki, eskema eta objektuez osatutako instalazioak maiatzaren 28ra arte ikus daitezke.

Ziudadelako Labea argazkiak errebelatzeko kamera handi bat bihurtu da, aldi baterako. Barruan, Noé Bermejo (León, 1982) artistak Parisen 1992an hartutako argazki baten papera kokatu du, lagunarteko afari baten oroigarria, zeinaren irudirik ez baitago. Ez da bakarra. Aretoaren erdian, zintzilik, argazkirik gabeko argazki-markoz osatutako instalazio bat dago: hamarnaka argazki-marko barroko, diru-zorroko edo karneteko argazkienak, erabili, ahaztu eta bazter utzitakoak. Horiek baliatuta egileak bisitariarekin solas egin nahi du oroimenari, buruz, memoriari buruz, memoria, oroitzapenaren gailu den aldetik, baina baita gordetzeko “leku” gisa ere, leku bat non miatu, aurkitu, gorde eta esku hartu. Ziudadelako Labean, orain ukiezina den leku hori, oroimena, fisiko egiten da.

Halakoa da Noé Bermejok egin duen proiektua, Oroitzea / Gogoratzea / Ahaztea izenburupean, maiatzaren 28ra arte bisitatu ahal izango dena, Ziudadelako Labean. Egileak berak aurkeztu du gaur bere obra prentsaurrekoan, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek lagunduta. Erakusketa asteartetik ostiralera egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Noé Bermejok azaldu duenez, haren lana identitateari eta “ni-aren” ideia sostengatzen duten atributuei buruzkoa da. Solasaldia izaeraz herrikoia den horrekin, zentzu bikoitzak eta esangura-geruza zenbaiten proiekzioa dira haren proiektuen bereizgarri. Baina, aurreko lanetan bezala, irudiak eraiki beharrean, proiektu honetan artista leondarrak irudiak esploratzen ditu. Egileak dioenez, Oroitzea / Gogoratzea / Ahaztea erakusketan gaitasun psikikoa den oroimena gailu fisiko gisa arakatu nahi du (hots, memoria gisa; gazteleraz termino polisemikoa da “memoria”, adiera bietarako balio du, baina euskaraz bereizi egiten dira “oroimena” eta “memoria”), eta ideia horretan murgildu, hitzez hitz murgildu ere.  Proiektu nabarmenki diziplinartekoa da, zenbait instalazioren bitartez gauzatu dena, bildumen, topaketen eta zenbait baliabide-motatan (arrasto, marrazki, kartografia, buru-mapa, eskema, zerrenda eta objektuetan) eginiko bilaketen bitartez eraikia.

Oroimenaren lekua

Esaldi batek laguntzen du erakusketa: “Irudi mneniko ezagutu ezineko edo kriptomnesian”  Haren bidez, artistak egindako lanaren esanahia laburbildu nahi du. Zientziaren historialari eta filosofo Paolo Rossik esandakoari jarraiki, oroimena aldez aurretik dakigunaren eremua da, baina zerbait gogora ekartzeak ahalegin bat eskatzen du, arimaren edukien artean bilaketa bat egitea. Saiatzen gara gogoratzen lehendik zegoen zerbait, lehen jakina zen baina dagoeneko ahaztu den zerbait. Noé Bermejok hausnarketa egiten du oroitzapenen sorkuntza eta berreskurapenari buruz. Berez, Ziudadelako Labea bera oroimenaren leku gisa planteatzen du, gaitasun psikiko hori leku gisara planteatzen du, oroitzapenek –eta horiek gordetzeak eta berreskuratzeak– ezaugarri dituzten irudikortasuna eta aldakortasuna landuaz. Egilearen arabera, "labeen izaerak –zeinak diseinatu izan diren beroa gordetzeko, zeinak diren intsonorizatuak, ilunak, trinkoak– lagundu eginen dit, instalazioa osatzen duten gainerako elementuekin batera, sinbolikoki azpimarratzen labea “oroimenaren espazio fisikoa” den ideia, gorputzaren barne-espazio dela".

Bisitariak aretoaren erdialdea egitura modular batek hartzen duela ikusiko du, egitura adarkatu eta ezegonkor batek, metakrilato eta beiraz egin eta orekan dauden zenbait maila eta elementuz osatuak, halako maneran non sortzen duen desegiteko, erortzeko puntuan ematen duen konposizio organiko eta arin bat. Nerbio-sistemaren edo neurona-sarearen nodoak gogora dakartza. Ehunka erretratu-marko huts, argazki gabeak. Eta horien ordez, material fotoluminiszente bat, argiz beteko dena, gero argi hori jaurtitzeko.... harik eta desegingo den arte, desagertuko. Egitura horren erdialdetik, argi-proiektore mugikor batek argiztatu eginen du gradualki, markoetako materiala kargatuz eta itzalak proiektatuz. Espazio ilunean itzal horiek giro fantasmagoriko, mugikor eta aldakorra sortuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!