Dentsiometriaren froga apiriletik aurrera Nafarroako ospitalgunean bitarteko propioekin

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 30a, 20:15

Dentsitometro bat erosi da 68.000 euroko inbertsioa eginda. 2016an, era horretako 2.800 froga baino gehiago bideratu zituen Osasunbideak zentro itunduetara 182.700 euroko kostuarekin.

Apiriletik aurrera, eta modu progresiboan, Nafarroako Ospitaleguneak hartuko du bere gain hezur-dentsiometriaren froga egiteko ardura, dentsitometro bat erosi eta jarri baitu, 68.000 euroko inbertsioa eginda.

Fernando Dominguez Osasuneko kontseilariak gaur goizean bisitatu du Nafarroako Ospitaleguneko B Pabilioia (Medikuntza Nuklearreko Zerbitzua), hantxe jarri baitute ekipamendu tekniko hori, eta haren ezaugarriak eta funtzionamendua ezagutzeko aukera izan du. Azken belaunaldiko prozesatze-programak ditu erositako dentsitometroak, hala nola TBS (trabecular bone score); horri esker, hezurren mikro-arkitektura ezagut daiteke, eta apurketa-arriskuaren azterketaren probabilitate-baloreak hobetzen ditu.

Orain arte, itundutako zentroan egiten ziren dentsitometriak. 2016an, era horretako 2.804 froga egin ziren, 182.700 euroko kostuarekin.

Bizkarrezur lunbarreko, femur proximaleko, besaurreko eta gorputz osoko hezurren dentsitate minerala neurtzeko klinikoki frogatutako metodoa da hezur-dentsitometria. Osteoporosia diagnostikatzeko eta kontrolatzeko erabiltzen da batez ere; baita botika-tratamenduek eta bestelako arrazoiek eragindako hezur-dentsitate mineral ez-ohikoak eta malnutrizio-sindromeak bezalako beste gaixotasun batzuk diagnostikatzeko eta kontrolatzeko ere. Beste erabilera batzuk ere baditu; hala nola gorputz osoaren osaera neurtzea –gihar masa eta koipe-masa–, eta zehazki erabilgarria da atleten gihar-masaren galera kontrolatzeko eta kirurgia bariatrikoa bezalako tratamenduak izan dituzten paziente gizenei koipe-masaren galera kontrolatzeko.

Osteoporosia

Osteoporosia da hezur-gaixotasun metabolikorik ohikoena, eta bere ondorio klinikoa da apurketak egiten direla hauskortasunagatik. Sintomarik gabeko gaixotasuna da, apurketak gertatzen diren arte.

Bi arrisku-faktore nagusiak dira sexua eta adina; ohikoagoa da emakumeengan, eta zenbat eta helduagoak izan, arrisku handiagoa. 50 urtetik gorako emakumeen % 35i eragiten dio, gutxi gorabehera, eta 70 urtetik gorako bi emakumetatik bati.

Gaur egun, oso hedatuta dago gaixotasun hori, eta osasun publikoko arazoa da herrialde garatu guztietan, gero eta gehiago hedatzen ari baita, batez ere biztanleriaren zahartzeagatik.

Medikuntza Nuklearreko Zerbitzua, 1964tik

1964an sortu zen Nafarroako Ospitaleko Medikuntza Nuklearreko Zerbitzua. 80ko hamarraldiaz geroztik, zerbitzu aitzindaria izan da gammagrafia konbentzionalean. 1982an jarri zen abian Espainiako lehenengo gammakamera, SPECT egiteko aukerarekin, eta kardiologia nuklearra ere barne hartzen duen espezialitate mediku guztiak hartzen dituen zerbitzu-zorroarekin.

Halaber, zerbitzu hori aitzindaria izan zen bularreko tumoretan gongoil zelataria eta melanoma detektatzeko teknikan ere –1998tik erabiltzen da teknika hori–, bai eta ebakuntzetarako miniGammakameren erabileran ere. Nazio mailako hainbat sari jaso ditu ikerkuntza-ildo horretan.

Bere aukera teknologikoek aukera eman dioten neurrian, Medikuntza Nuklearreko alderdi guztiak garatu ditu, radiobotika bidezko tratamenduen esparrua barne, hala nola gibel-barneko erradio-enbolizazioa eta hipertiroidismoa.

Azken belaunaldiko teknologia du gammakameratan, modalitate anitzeko SPECT-TAC gammakamera batekin; gailu horrek azken belaunaldiko programa eguneratuak ditu, neurologiaren, kardiologiaren, onkologiaren eta beste hainbat esparrutan aplikatuta. Laster era horretako beste gammakamera bat ekartzea dago aurreikusita.

Prestakuntzaren arloan, BAME bidez mediku espezialistak trebatzeko irakaskuntza egiaztatuta dauka 1986tik.

Gaur egun, irudi bidezko diagnostikoa egiten du zerbitzu horrek azterketa gammagrafiko konbentzionalekin, SPECT eta SPECT-TACak, ebakuntza-gelatan lan egiten du gongoil zelatariaren biopsia zelatariak egiten bularrean, melanoman, endometrioan, bulban eta mingainean eta aho-zoruan, bai eta isotopo erradioaktibo bidezko tratamenduen esparruan ere, patologia on eta txarren kasuetan.

Bost mediku espezialistak, Erizaintzako hiru diplomatuk, Irudi bidezko Diagnostikoko bost Teknikari Espezialistak, Klinikako laguntzaile batek, zaindari batek eta bi administrarik osatzen dute zerbitzu horretako lantaldea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!