Urtean zehar Iruñeak izanen dituen baserritarren azokak aurkeztu ditu gaur EHNE-Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak. Iruñeko udalak emandako baimenari esker, baserritarrek urtaro bakoitzeko produktuak ekarriko dituzte Sarasate pasealekuan ezarriko diren merkatu ezberdinetan. Horren berri eman dute gaur Patricia Perales, Iruñeko udalaren Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotziak eta Imanol Ibero, EHNE-Nafarroako presidenteak. Iruñean elikadura burujabetza lortzeko bidean, bitartekaririk gabe bertako produktuak era zuzenean eta prezio duin batean helaraztea da EHNEren helburua.
Larunbat honetan, apirilak 1, goizeko 10:00etatik 14:00etara udaberriko baserritarren lehendabiziko azoka eginen da Sarasate pasealekuan. Hogei postu izanen ditu lehendabiziko merkatu honek. Besteak beste, esnekiak, gaztak, ardoa, ogia, olioa, karakolak, haragia, eztia edota xaboiak, kremak eta loreak erosteko aukera izanen da.
EHNEko Bizilur elkarteak bultzatutako ekimen honen helburua “herri bakoitzak zer ekoiztu, nola eta zer jan nahi duen erabakitzeko eskubidea bermatzea” da. Honekin batera EHNEk eskaera bat egin dio administrazioari: “Bide horretan, ezinbestekoa da nekazari eta abeltzainek ekoizten dituzten elikagaiak eta produktuak herritarrei modu zuzenean helarazteko aukerak zabaltzeko zenbait aldaketa bultzatzea. Baserritarrek euren etxeetan produktuak eraldatu ahal izateko arautegi higieniko sanitarioak malgutzea beharrezkoa da, izan ere, ez da bidezkoa, esaterako, famili ereduko gaztandegi txiki batek milaka gazta ekoizten dituen industria baten arautegi berdina bete behar izatea. Hala, erakundeei salmenta zuzenari bultzada emateko legedian egin beharreko aldaketak egin ditzatela.”
Kontsumo taldeak
2017an Iruñean eginen diren lau baserritarren azokekin batera, kontsumitzaileek eta hiritarrek egunero bertako produktuak kontsumitu ahal izateko EHNEko Bizilur taldeak kontsumo taldeak abiatu zituen duela zenbait urte. Egun, hogei familia inguru dira asteartero bertako produktuekin osatutako saskiak jasotzen dituztenak. Saski hauetan kontsumitzaileek garaian garaiko barazki eta jakiak eskuratzen dituzte modu zuzenean. Gainera, www.ehne.eus/bizilur webgunearen bitartez saskietan bestelako produktuak ere jasotzeko eskaera egin dezakete. Besteak beste, behi edo zaldi haragia, olioa, arrautzak, esnekiak, pastak, zukuak, kontserbak, eztia eta karakolak besteak beste, eskatzeko aukera dute. Internet bidezko eskaera hauek ostirala aurretik egin behar dituzte, asteartean EHNEk Iruñean duen bulegoan jaso ahal izateko.
Bi tamainetako saskiak prestatzen ditu EHNEko Bizilur elkarteak. Batetik, saski txikiak (2 edo 3 pertsonarentzako egokiak) eta bestetik saski handiak (etxean 4 kide edo gehiago direnentzako). Txikiak hilabetean 35€ko prezio du eta handiak 50€.
Imanol Iber, EHNEko Nafarroako presideneta eta Patri Perales Iruñeko Udalaren Tokiko Ekonomia Iraunkorreko zinegotzia merkatuaren aurkezpenean.