"Desordena publikoak, lesioak, kalteak, sutea eta atentatua" delituak egon deitezke, auzitegiaren arabera, martxoaren 11n Iruñeko Alde Zaharrean izan ziren istiluetan. Iruñeko Auzitegia inhibitu egin zen auzian eta horrek esan nahi du hiru gazteei "terrorismo" delitua egozteko zantzuak ikusten dituztela, eta beraz, zigor handiagoak jasotzeko arriskua dutela.
Errepresioari Autodefentsa taldeak deituriko manifestazioaren ostean lau gazte errenteriar atxilotu zituzten. Haietako hiruk espetxean jarraitzen dute. Laugarrena libre utzi zuten, adingabea delako.
Lamela epaileak autoa kaleratu du gaur, auzia bere gain hartzen duela azalduz. Argudiatu du Iruñean egindako protestak "bake publikoa hondatzea" zuela helburu, "ordena Konstituzionala nahastea". Eta horretarako harriak-eta eraman zituela talde batek Errenteriatik Iruñera. Bere arabera, Errenteriako taldeko kide lirateke hiru ikertuak. Helegitea jartzeko aukera dute gazteek, hiru eguneko epean.