Santo Domingon aparkalekua eraikitzearen alde, Alde Zaharraren %91,5

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 24a, 13:59

Autoentzako aparkalekuak alokagai eta salgai jarriko ditu Iruñeko Udalak, oraindik iragarri ez duen prezioan. 550 pertsonari egindako inkestaren arabera, proposamenaren alde daude auzokideak.

Santo Domingon, autoentzako aparkalekua eraikitzearen alde daude Alde Zaharreko bizilagunen %91,5; edo beste era batean esanda: hamarretik bederatzi. Inkesta gauzatu du Iruñeko udalak, Alde Zaharreko mugikortasunari buruz eta horixe da emaitza. Santo Domingoko baratzeak deritzo Hezkuntza Departamenduaren aurreko zonaldeari eta, hain justu, hortxe eraiki nahi du udalak parkina.

Aldez aurretik, georradarrarekin aztertu dute eremua aparkalekua egiteko egokia ote den jakiteko. Erantzuna, baiezkoa. 

Inkesta: auzotarren iritziak biltzeko

Inkesta erantzun dutenen erdiak, %52,5ek alegia, interesa izanen lukete aparkaleku plaza bat erosi edota alokatzeko. Zenbakiei begira jarriko gara, orain: %43,6 prest leudeke 14.000 eta 16.000 euro artean ordaintzeko. %54, aldiz, ez leudeke prest: batez besteko prezio egokia 9.299 euro litzateke, haien aburuz, aparkaleku bat eskuratzeko.

Hilabetean, 73 euro ordaintzeko prest egonen lirate, aparkalekua eraikitzekotan, bizilagun gehienak. Izan ere, aparkatzeko tokiena arazoa da alde zaharrean: 10 minutu baino gehiago pasatzen dituzte inkesta erantzun dutenen erdiak kotxea uzteko leku bila. Hori gutxi balitz, oinez 5 eta 10 minutu artean behar dituzte gero etxera iristeko. Alde zaharrean, 3.644 turismo eta 653 moto daude guztira.

Hezkuntza Departamentuaren aurrean aparkalekuak eraikitzea egokia denetz jakiteko 550 inkesta egin ditu Iruñeko Udalak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!