Etxerik gabeko pertsonentzako zentroak 1.834 lagun artatu ditu

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 24a, 08:07

Argazkia: Etxegabeentzako Trinitariosen dagoen zentroa.

18 eta 24 urte arteko erabiltzaileen igoera antzeman da, ‘erroldatuen’ % 9,5 suposatzen dute eta Kaleko arta jasotzen dutenen % 8.

2016an, 1.834 lagunek erabili zituzten  Iruñeko Udaleko Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa eta bertako programak –Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Bazterketa Handiko zerbitzuak diseinatuak–, 2015ean baino 51 lagun gutxiagok. Kopuru horiek 2013an –orduan parekatu baitziren pasadizozko erabiltzaileendako eta erroldatuendako lekuak– hasitako beheranzko joera iraunkorra egiaztatzen dute artatutako lagun kopuruari dagokionez, nahiz eta lagun horiek arta intentsiboagoa jasotzen badute ere.

1.834 lagun horietatik, 1.561 esku-hartze ostatu hartzeko programetako pasadizozko erabiltzaileekin zein erroldatuekin eta Kaleko arten bidez egin ziren. Horietatik, % 11,4 emakumeak ziren; joera hori pixkanaka hazten ari da. Adinari dagokionez, erabiltzaile gehienak 35 eta 54 urte arteko adin-tartean daude (guztizkoaren % 63), baina Bazterkeria Handiko programetan artatutako 18 eta 24 urte arteko pertsonen hazkundea nabarmentzekoa da, guztizkoaren % 5,7 jotzen baitute. Hiru programa horietako erabiltzaileetatik 700 Espainiako herritarrak ziren (guztizkoaren % 44,9).

Iruñeko Udaleko Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa Gipuzkoako etorbidean dago (Trinitarios), pasadizozko 25 lagunendako eta Iruñean erroldatutako 25 lagunendako lekuak ditu. Udal jantokiak (Oscus, Navarrería kalean) zerbitzua osatzen du, eta bi baliabide hauek Bazterkeria Handiko Udal Ordenantzan erregulatuta daude, Hotz Boladaren Protokoloarekin eta hiriko Ostalaritza-establezimenduetan ostatu hartzeko programarekin batera. Bazterkeria larriko egoera hauei erantzuteko beste aukera batzuk ere badaude, hala nola Kaleko artaren bidez ematen den hezkuntzazko esku-hartzea eta autobus-txartelen doako banaketa, Nafarroako beste toki batzuetara edo erkidego mugakideetara joateko.

Pasadizozkoek eta erroldaturikoek zentroan emandako gauak

Ostatuari dagokionez, eta 2015. urtearekin alderatuta, 2016an arinki egin du behera pasadizozkoen kopuruak (1.374tik 1.359ra). Horrek % 1,09 gutxiago suposatzen du. Hala ere, beherapen hori aurreko urteetakoa baino txikiagoa da. Egonaldi luzeek ere behera egin dute: 2015ean 11,7 egun ziren batez besteko, eta 2016an, 9,8. 2016an zentroan eguneko egon diren pasadizozkoen kopurua, batez beste, 15,3 izan da. 59 nazionalitatetako pertsonei eman zien arta programak, gehienak Espainiakoak (% 45,6), ondoren Marokokoak (% 16,2), eta Errumaniakoak (% 9,1).

Alabaina, erroldaturikoen kopurua egonkor mantentzen da 2014az geroztik (60-65 lagun), eta profil honetan ere egonaldiak laburragoak izan dira. 2015ean, baliabide hau 10 pertsonek erabili zuten 6 hilabete baino gehiagoan. 2016an, 5 lagunek soilik. Berriz ere, ia erdia Espainiakoak ziren (% 49,2). Aljeriakoak, % 15,6.

Bestalde, beheranzko joera hori ez da mantentzen ari 2017ko lehen hiruhilekoan. 2015ean, batez beste, 35 lagunek erabili zuten zerbitzua gau bakoitzeko. Kopuru horrek behera egin zuen 2016an, 30era heldu arte, eta aurten, berriz, gora egin du: gau bakoitzeko 45 lagun.

Adina eta generoa

18 eta 24 urte artekoen egoera larritzen ari da, 2012az geroztik etengabe hazi egin baita, erroldatuen guztizkoaren % 9,5era heldu arte (erreferentzia gisa, 2012an, kopuru hori % 3,41 zen). Egoera horrek konplexutasun erantsi bat dauka. Izan ere, gazteek bizi-egoera oso ezberdinetan dauden eta bazterkeria ibilbide oso luzeak eta kronifikatuak dituzten pertsonekin partekatzen baitituzte espazioak . Pasadizozkoendako programan adin-tarte hori horren portzentajea askoz txikiagoa da: % 5,7.

Generoari dagokionez, ohiko erabiltzailea gizona bada ere, azken urteetan pasadisozko emakumeen presentzia egonkor mantendu da, % 10ean. Erroldaturiko erabiltzaileen artean, aldiz, joera gorakorra da. Adibide gisa, 2016an % 14ra heldu zen (aurreko urtean % 13koa izan zen).

Etxerik gabeko pertsonen profila ez dago soilik baliabide ekonomiko pertsonalekin lotuta.  Oro har, ohiko diru-sarrera gisa pentsio oso baxuak dituzten pertsonak dira, eta kasu batzuetan, eskean arituz bizirauten dute. Halaber, ez ohi dute baliabide pertsonalik ezta bizitza premiei (osasuna, etxebizitza, mantenua) aurre egiteko babesik ere. Horregatik nekez sartzen dira herritar guztiei arta emateko ezarrita dauden gizarte-zirkuituetan.

Eguraldia eta kaleko arta

2012an ezarritako hotz-boladen sistema erreaktiboak –tenperatura baxuei aurre egiteko sortua– protokoloa aldatu zuen, eta 2015eko azaroan zentroa etenik gabe irekitzen hasi zen azarotik martxora bitartean, termometroak markatzen zuen tenperatura kontuan hartu gabe. Larrialdi-sistema honen barruan 206 pertsonari eman zitzaien ostatua protokoloa aktibatu zen 116 gauetan zehar. Iaz, aldiz, protokolo honen bidez 275 pertsona sartu ziren zentroan (% 26 gehiago) protokoloa aktibatu zen 159 gauetan (43 gau gehiago).

Bazterkeria Handiko programen barruan Kaleko arta zerbitzua sartzen da: gizarte-hezitzaileek pertsona horien prozesuak babesten dituzte eta mugitzen diren espazioetan laguntzen dituzte, kalea, gizarte- eta osasun-baliabideak, baliabide juridikoak, etab, emanez. Gizarte hezitzaileen esku-hartzea arta ematen dieten beste zerbitzu guztienarekin koordinatzen da. Etxerik gabekoen kolektiboak, oro har, ez daki bizirauteko oinarrizko baliabideak egon badaudela (errenta bermatuko programak, aparteko laguntzak, etab.), are gutxiago enplegu bat lortzeko programak daudela (enplegu-burtsa, lan egiteko prestakuntza-ikastaroak...).

2016an hezitzaileek 2.476 esku-hartze egin zituzten 137 erabiltzailerekin (2015ean baino 4 pertsona gutxiago, eta 2014an baino 10 gehiago). Arta jaso duen biztanleriaren ia erdia (% 48,9) Espainiakoa zen. Berriro ere programa honetan erabiltzaileak gero eta gazteagoak direla ikusten da. 2016an 18 eta 24 urte arteko erabiltzaile kopurua guztizkoaren % 3,5etik % 8ra igo baitzen, erdia baino gehiago.

Azkenik, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorrak ere autobus-txartelak banatzen ditu hiritik kanpo bidaiatzeko, pertsona horiek batetik bestera ibiltzeko duten joera dela eta. Iaz 997 txartel banatu ziren; aurreko urtean, berriz, 1005. Gehien eskatutako helmugak Zaragoza, Donostia eta Gasteiz dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!