Euskara sustatzeko irabazi asmorik gabeko erakundeei emandako diru laguntzek %27 egin dute gora

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 21a, 09:51

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratu eta horren arabera hasiko da eskaerak aurkezteko epea.

65.000 eurotik 82.500 eurora handituko du Iruñeko Udalak (ia % 27), 2017an norgehiagokako araubidean euskara sustatzea xede duten proiektuak egiteko irabazi asmorik gabeko erakundeendako diru-laguntza deialdiaren zenbatekoa. Herritarren Aferen Batzordeak jakin berri ditu Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko deialdi honen berrikuntzak. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean noiz argitaratu eta horren arabera hasiko da eskaerak aurkezteko epea.

Euskara sustatzea xede duten jarduerak egiten dituzten erakundeei zuzenduta daude diru-laguntzak, Iruñean egin behar dira eta ez dute sartuta egon behar Iruñeko Udalaren beste inongo finantzaketa-programan. Diru-laguntzaren xedea diren jarduera guztiak 2017. urtean gauzatu behar dira, betiere 2017ko abenduaren 31 baino lehen. Helburu nagusi gisa euskara sustatzea ez duten programetako  jarduerei beste diru-laguntza deialdi baten bidez erantzungo zaie, Kultur eta arte jardueretarako diru-laguntzen deialdiaren bidez, alegia, hori ere Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrak deitua..

Deialdi honen onuradun izan daitezke Legearekin bat eraturik dauden eta dagokien Erregistroan izena emanda duten erakunde eta elkarteak, irabazi asmorik gabekoak, beren egoitza edo ordezkaritza bat Iruñean dutenak, eta Iruñeko Udalarekin lankidetza-hitzarmenik, zerbitzu-kontrataziorik edo beste edozein kontratu zein konpromiso motarik sinatu ez dutenak.

Iaz eman ziren lehenengo aldiz euskara sustatzeko proiektuendako diru-laguntza hauek, 65.000 euroko diru-zuzkidurarekin. Irabazi asmorik gabeko hamaika erakunde eta elkarteren artean banatu ziren: Dindaia Fundazioa, Karrikiri Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea, Iruñeko Euskalgintza, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Euskaldunon Biltoki elkartea, Xaloa elkartea, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Arturo Campion Elkarte Kulturala, Euskaraz Koop E. eta Nafarroa Retina elkartea.

Berrikuntzak aurtengo deialdian

Partidako zenbatekoa handitzeaz gain, aurtengo deialdiak bestelako berrikuntza batzuk ditu: komunikabideak deialditik kanpo geratuko dira (telebistak, irratiak eta prentsa, horien bertsio digitalak barne) eta ezingo dute halako laguntzarik eskuratu; eta elkarte batek gehienez ere 18.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du egiten dituen programa guztiengatik.

Prozedurari dagokionez, elkarte eskatzaileek beren borondatez proiektuak aurrez aurre defendatzeko aukerari eustea proposatzen da, eta beste bi momentu gehituko zaizkio deialdiari, segurtasun eta gardentasun handiagoz hornitzeko. Batetik, instrukzio-organoak txostena egin eta izapide-ebazpena emango du, zeinaren berri emango baitzaie entitate eskatzaileei, hartara jakin dezaten beren eskaerek betekizunak bete dituztela eta balorazio fasera pasako direla. Eta bestetik, Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena onetsi eta emango du, bertan entitate eskatzaileei emandako diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuta; datu hori entitate eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie, Udalari onartzen al duten esan diezaioten.

Azkenik, jardueren gaineko balorazio-irizpideak aldatu egin dira: aintzat hartu beharreko gaiak gehiago zehaztu dira, genero-berdintasun irizpideak sartu dira, entitatearizein programari dagokionez, bai eta elkarte eskatzailearen euskararen trataeraren inguruko irizpideak ere.

Balorazio-irizpideak

Entitatearen ezaugarriek 20 puntu balioko dute gehienez ere, guztizko 100 punturen gainean. Atal honetan entitatearen ibilbidea, jarraitutasuna, egonkortasuna, eta egiaztutako dedikazioa baloratuko dira; antzeko entitaterik ez egotea; entitateak genero-berdintasuna esplizituki jasotzea estatutuetan; eta euskara elkartearen hizkuntza ofiziala izatea eta egunerokoan erabiltzea.

Proiektuaren kalitate eta interesari  gehienez ere 60 puntu emango zaizkio, aintzat hartuta, zehazki, proiektuak eragin nahi duen hizkuntza-erabileraren alorraren interesa, populazioaren zein sektoreri zuzentzen zaion, berrikuntza-elementuak, metodologian edota edukietan genero-berdintasuna txertatzea, programaren komunikazio-planaren egokitasuna  zuzentzen zaion populazio edo sektorearen ezaugarriekiko, eta herritarrendako irisgarritasuna. Gainerako 20 puntuek zerikusia dute proiektuaren bideragarritasun ekonomikoarekin, hala banaturik: aurkeztutako aurrekontua diru-laguntza jasotzeko aurkezten den jarduerara egokitzea, programak  eragindako diru-sarrerak, eta bestelako finantzaketa-iturriak (beste diru-laguntza batzuk, babesleak...).

Aurtengo deialdian mantendu egingo dira diru-laguntzaren zenbatekoa lortzeko puntuazio-tarteak, onartutako aurrekontuari aplikatu ahal zaizkion portzentajeak mugatzen dituzten puntuazio-tarteak, alegia. Diru-laguntza % 10 eta % 30 artean egongo da, entitate bakoitzak balorazioan lortutako puntuazioaren arabera. Guztizko puntuazioaren % 50 lortu ez duten entitateek ez dute inolaz ere diru-laguntzarik jasoko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!