"Pertsona eta ingurua", Auzo Unitateen ardatz, hemendik aurrera

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 20a, 09:00

Aurten esperientzia pilotuak jarriko dira martxan Txantrean eta Milagrosan, eta NUPeko profesionalen laguntza izango dute.

Iruñeko Udalak arreta-eredu berria abiaraziko du auzo-unitateetan, eredu bat zeinak herritarrei arreta hobea ematea bilatzen baitu, modu orokorrago baten bitartez, ematen diren zerbitzuak Iruñeko auzoek dituzten premietara egokitu daitezen. Eredu berrian pertsonak izango dira sistemaren ardatz, arreta-gune; eta hartara, auzo-unitate bakoitzeko diziplina anitzeko lantalde egonkorrek eskura dituzten baliabideak berrantolatuko dituzte, herritarrei arta egiteko, erantzuna emateko jasotako eskaerei eta erabateko esku-hartze pertsonalizatua garatzeko hori behar duten egoeretan. Arreta bera zein prestazioak kudeatzeko prozesuak malguago bihurtuko dira sistema berriarekin: erantzun azkarragoa eskainiko da, eta arreta-aldiak eta esku-hartzeak pertsona edo familia bakoitzaren premietara egokituko dira.

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok, Alor horretako zuzendari Marisol de la Navak, udal-alor horretako lantaldeko arduradun Ana Fernández, Mª José Galar, Maite García eta Txus Labargak, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko saileko irakasle titular Lucia Martínezek.

Auzo-unitateak: 40.000 baino gehiago urtean

Auzo-unitateak dira gizarte-zerbitzuen sistema publikora sartzeko bidea, eta xede dute herritarrei harrera egitea eta haien beharren berri jasotzea. Horiek horrela, herritarren zailtasunei lehen erantzuna ematen diete, eta, hala behar izatera, erraztu egiten diete gizarte-babeserako sistemetan sartzeko bidea. Iruñean, egun, hamabi auzo-unitate daude, eta 2016an, 43.391 kasu inguru artatu zituzten haietan.

Auzo-unitateetan bermatzen dira Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Zorroak ezartzen dituen lau arreta-programen prestazioak: lehenengo programa harrera eta gizarte-orientaziokoa da; bigarrena, norberaren autonomia sustatu eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzekoa; gizarteratzekoa hirugarrena, eta azkenik, haurrei eta familiei laguntzekoa.

Profesionalen ebaluazioa

Aldaketa-prozesu hau abiatzeko, Iruñean 2010eko amaiera partean ezarritako lehen mailako lau arreta-programa horien ebaluazioa egin da lehenik. Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko profesionalek eskatu dute ebaluazio hori, eta auzo-unitate guztietako parte-hartze zuzenarekin egin da.

Ebaluazioaren emaitzen arabera, oso ongi baloratzen da lehen mailako arreta-programak pertsona eta familien errealitatetik gertu egotea, eta positibotzat jotzen da, baita ere, programen deszentralizazioa, erabiltzaileen eskariak artatzeko potentzial handiagoa ekarri baitzuen.

Lehen mailako arreta-eredu hori, alta, aspaldikoa da, hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarkadetan du oinarria, eta garai horretan familia gehienek zituzten enplegu egonkorrak (enplegu betetik gertu zeuden), nagusi ziren senitarteko zaurgarrienen (adinekoak, adingabeak, desgaitasunen bat zutenak...) zaintza bermatzen zuten familia tradizionalak, eta txikiagoa zen mendekotasun-egoeran bizi ziren pertsona kopurua. Behin eta berriz berrantolatu bada ere, ereduak ez du lortu egungo testuinguru sozioekonomikoari egokitzea, eta, hortaz, potentzialtasunak garatzea.

Lehen mailako arreta “alor isolatu” gisako programen bitartez garatzen ari da, eta profesionalak auzo-unitateetan banatu zirenean, ez zen bermatu inolako egonkortasunik. Horrek guztiak zailtasunak sortu ditu: denbora eta koordinazio-guneen falta, programa bakoitzak artatu behar dituen egoeren inguruko irizpide ezberdinak, eta pertsona eta familiei zerbitzu hobea emateko ikuspegi orokor baten gabezia.

Horrez gain, eredu horrek berekin ekarri ditu disfuntzioak, esku-hartze isolatuak eta lan-zama desorekatuak. Programa batzuetan esku-hartze arloak edo profilak desberdintzea artifiziala da, banaketa zurruna, eta zenbait kasutan, nahasgarria.

Eredu berria, pertsona eta auzoa ardatz hartuta

Pertsona izango da eredu berriaren ardatz, eta ereduak aukera emango du programak modu malguagoan taxutzeko, hartara lortuta herritarrei ematen zaien arreta bizkortzea, itxaron-zerrendak ahal beste txikitzea, eta profesionalei espazioak eta baliabideak ematea, esku-hartze sozialean sakondu dezaten, behar den kasuetan.

Antolaketa berri honen bitartez “zerbitzu-kultura” berriaren kontzeptua ezarriko da: auzo-unitateetan  harrera-zerbitzua profesional guztien esku egongo da –lehen arta eman eta prestazioak eskuratzeko bideak errazteko–, eta harrera-zerbitzu hori osatuko da lehen arretako programetako (haurrei laguntza, gizarteratzea eta norberaren autonomia) esku-hartze planifikatuekin. Harrerako profesionalek hiru programa horietan egingo dute lan, kasuan kasuko egoerak modu pertsonalizatuan eta kemen handiagoarekin artatzeko.

Talde-lana, antolaketa berriaren oinarri

Eredu berriaren gakoetako bat da auzo-unitateetan lantalde egonkorrak eratzea (eta ez auzoz auzo ibiltzen diren profesionalak). Modu horretan, profesionalek egiten duten barneko lanaren kalitateak hobera egingo du, eta lan-zamak hobeki banatuko dira. Aipatu faktore horiek guztiek eragin zuzena dute herritarrei ematen zaien arretan. Zerbitzuan elkarrekin lan egiteko espazioak sortuko dira, eta bertan profesionalek aukera izango dute informazioa partekatzeko, kasuak berrikusteko, esku-hartzeetan koordinatu eta elkarlana egiteko, helburu komunak ezarrita zerbitzuaren lana diseinatu eta planifikatzeko, eta prestakuntza jaso eta eguneratzeko, unean-uneko beharrak aintzat hartuta.

Eredu berriak auzo-unitateetara eraman nahi duen malgutasun eta osotasunari esker, lantalde bakoitza bere gizarte- eta komunitate-ekintza garatzen joango da, herritarren eta haien bizilekuen premia eta ezaugarriekin bat; auzoetan murgilduko da udal-baliabide gisa, auzoa lagundu, bertako sare sozialetan parte hartu eta horiek sustatzeko prest.

Horrez gain, auzo-unitateek gizarte eta komunitateko diagnostikoak egiteko aukera izango dute, zerbitzuaren helburu komunak sortzeko eta horien inguruko jarduketa berriak abiatzeko, besteak beste, egoera, eskari edo premia bertsuak dituzten pertsonekin talde-lanak eta komunitate-lana herritarrekin oro har eta auzo-elkarteekin, non berariazko gai batzuk auzoetan bertan jorratuko diren (pobrezia eta bazterketa, mendekotasuna, zahartze aktiboa, gurasoendako hezkuntza, etab.)

Garapena eta abiarazpena, NUPekin batera

Eredu berria maiatzaren 2an jarriko da abian eta 2017an garatuko da, Txantrea eta Milagrosako auzo-unitatetan martxan jarriko den esperientzia pilotuen bitartez. Zentro horietako talde profesionalak dira talderik egonkorrenak, eta eredua martxan jarri aurretik beharrezko prestakuntza jasoko dute.

Esperientzia pilotuek iraun bitartean eredu berriaren garapenaren inguruko datuak bilduko dira, eraginkortasuna ebaluatzeko adierazleak ezarri eta aplikatuko dira, aldaketa-proposamenak jasoko dira, eta auzo horietan artatu diren pertsonen inguruko ikerketa bat egingo da, esku-hartzeen lehentasunak finkatze aldera. Horrek guztiak lagunduko du ereduan aldaketak egin behar diren baloratze aldera, eta hala jotzen bada, behin betiko ereduan txertatuko dira, eredua gainerako auzo-unitateetan abiarazi aurretik. Esperientziak iraun bitartean, auzo-unitateek laguntza jasoko dute, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorreko arduradun-talde baten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatutako talde profesional baten eskutik.

Halaber, fase pilotuan erabiltzaileen eta auzotarren iritziak jasoko dira, sistema hobetzeko lagungarriak izango baitira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!