Frankismoaren kontrako kereila aurkeztu du Iruñeak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 17a, 14:12
Argazkia: Frankismoaren biktimak, epaitegi aurrean, ordezkari politikoekin batera.

Frankismo garaian, Iruñean, 309 eraildako eta 1.000 kartzelaratzetik gora izan ziren; kereilan hamazazpi kasu bildu ditu udalak eta bizirik dauden lau pertsonen lekukotza.

Iruñean izandako krimen frankisten kontrako kereila aurkeztu du gaur justizia jauregian Iruñeko Udalak. Estatuan egindako gisa horretako lehenengo kereila da. Memoria landu duten taldeei esker lortu dela azpimarratu du Joseba Asiron alkateak, udalak haiek egindakoa jaso baino ez duela egin.

Latza izan zen frankismoa Nafarroako hiriburuan: 309 eraildako eta 1.000 kartzelaratzetik gora egon ziren. Kereilan, hamazazpi kasu bildu dituzte, horietako lau bizirik dauden pertsonen testigantzak dira. Gloria Bosque Ezker da horietako bat, eta lehen pertsonan kontatu du frankismo garaiko errepresioaren gordina; bortxatutako emakumeak izandako ditu gogoan, sindikalistak, torturatuak eta erbesteratuak, besteak beste.

"Genozidioa" izan zen

Gerra Zibilean eta frankismoan izandako urraketei buruz Iruñeko Udalaren eskariz Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketa baten ondorioa da kereila. Txosten horren arabera, 1.310 pertsona errepresaliatu zituzten Iruñean frankismo garaian eta oraindik dokumentatu gabeko 451 gehiago izan daitezke.

"Gizateriaren kontrako krimenak" izan zirela esan du Joseba Asiron alkateak, "genozidioa". Nazioarteko legediaren arabera, genozidioari lotutako krimenek ez dute preskribitu behar, zigortu egin behar dira, eta hori da, hain justu, Asiron Iruñeko alkateak aldarrikatu duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!