“Gizarte eragileen eta erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da normalizaziorako”

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 16a, 19:08

Hau izan zen mezu nagusia atzo Iruñeko Zentral Kafe Antzokian egin zen Korrikaren aurkezpen ekitaldian. Nafarroako arlo sozial, politiko eta kulturaleko eragile andana bildu zen han euskararen aldeko ekimen handiari sostengua adierazteko.

Aurreko Korrikan ez bezala, oraingo honetan AEKk Nafarroako erakunde gorenen sostengua jaso du euskararen aldeko lasterketaren aurkezpenean. Horrela Nafarroako Gobernuaren izenean Mikel Arregi Euskarabideko burua bertaratu zen atzo Zentralera. Modu berean, Iruñeko Udalaren izenean Maider Beloki Kultur zinegotzia eta Maitena Muruzabal kultur arloko zuzendaria hantxe izan ziren. Aldaketaren aldeko gobernua sostengatzen duten lau alderdietako ordezkariak ere ikusi ahal izan ziren atzoko saioan: parlamentuko kideak Laura Perez (Podemos-Ahal Dugu) Miren Aranoa eta Esther Korres  (EH Bildu) eta Patxi Leuza (Geroa Bai), besteak beste. Itziar Gomez (Geroa Bai) eta Patri Perales (EHBildu) Iruñeko Udalaren zinegotziak, Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkatea eta baita hainbat sindikatutako ordezkariak ere.

Bestalde,  Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Zentroaren zuzendaria Imanol Nuñez, Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordea Asier Barandiaran, Euskaltzaindiko Nafarroako arduraduna Andres Iñigo, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko presidentea Iñaki Murua, IKAko koordinatzailea Sagrario Aleman, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriati, Gaizka Aranguren, Kike Diez de Ulzurrun, Karrikiri Euskara Taldeko kideak, Pamiela argitaletxeko kidea Pello Elzaburu, Sortuko Nafarroako arduraduna Miren Zabaleta, Iñaki Perurena eta Castillo Suarez idazlea ziren han ikusi genituen beste aurpegi ezagun zenbait. Haiekin batera bestelako eragileen ordezkariak ere joan ziren hitzordura: Nafarroako Ikastolen Elkartea, Topagune, Euskal Herrian Euskaraz, Sortzen euskal eskola publikoaren elkartea, Nafarroako Bertsozale Elkartea, Iruñeko Peñen Federazioa, Gora Iruñea! Jai batzordea, Bilgune Feminista edo Askapenako kideak, esate baterako.  

 

Ekitaldiaren hasieran Josu Jimenez Maia idazlea, euskaldun berria eta euskara irakasle izandakoak hartu zuen hitza. Jarraian gaur egun euskara ikasten ari diren jatorri desberdinetako kideak mintzatu ziren BatZuk hitzarekin jolastuz. On Proiektuak taldearen emanaldiak musika jarri zion ekitaldiari. 

 

Mertxe Mugika, AEKko koordinatzaile nagusiak azken berrogeita hamar urteko euskararen historiari so egin zion eta azpimarratu zuen orain denok bat eginik lan egiteko tenorea dela:  “Gizarte eragileen eta erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa da normalizaziorako”

“Urte hauetan guztietan denetarik ezagutu dugu euskararen berreskurapenean: aurreraka eta atzeraka ibili gara, elkarrekin batzuetan eta elkarri mokoka ere zenbaitetan”, azpimarratu zuen Mugikak. “Ondorioz, normalizazioaren bidea noraino iritsi den baloratzean, botilaren parabola erabilita, egun batzuetan erdi beteta ikusten da eta beste batzuetan erdi hutsik. AEKn, dena dela, argi dugu botila betetzen jarraitu behar dugula eta, gainera, botila bat baino gehiago dagoela betetzeko”.

“Gizarte eragileen eta erakundeen arteko harremanak eta elkarlana nahitaezkoak” direla azpimarratu zuen AEKren koordinatzaileak. “Baina elkarlana hitza erre eta zentzua galdu baino lehen, hitza ekimenez bete behar dugu berandu baino lehen”.

Korrikaren arduraduna Asier Amondok, bere aldetik, azken edizio honetan Korrikak jaso duen babesa goraipatu zuen: “Jakin badakigu herri bat zain dugula, Korrikarekin maiteminduta, eta atxikimendua, babesa eta laguntza eskaintzeko prest. Azken hilabeteetan ikusi duguna adibide paregabea da. Era berean, inoiz baino babes handiagoa jaso dugu gizarte eragileen nahiz Administrazioaren aldetik”.

Hantxe izan zen Euskalerria Irratia eta parte hartzaile askotxoren testigantzak bildu genituen.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!