Garapenaren aldeko lankidetza sustatzeko bost deialdi aurkeztu ditu Iruñeak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 16a, 08:52

Iruñeko Udalaren garapenaren aldeko programak udal aurrekontuaren % 0,72 izanen du: 1,2 milioi euro.

Iruñeko Udalak Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GGKE) aurkeztu dizkie garapenaren aldeko lankidetza sustatzeko aurtengo bost deialdiak  , honako helburu hauetara bideratuak: garapenaren aldeko sentsibilizazio- eta hezkuntza-proiektuak,  larrialdi humanitarioak eta garapenaren aldeko lankidetza, eta Hegoaldeko toki-erakundeekin lankidetza. Bost deialdiek, guztira, 1.193.600 euro jo dute eta, neurri handi batean, iazko ezaugarri eta diru-zuzkidura mantentzen dute.

Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza-proiektuetarako deialdiak 880.000 euroko diru-zuzkidura izango du, aurreko urteetako ildoari jarraiki (2016an 929.000 euro izan ziren, eta 2015ean, 820.000); Hegoaldeko herrialdeetako toki-erakundeekin garapenaren aldeko proiektuetara 120.000 euro bideratuko dira (kopuru hori 2016an bikoiztu zen eta mantendu egiten da); larrialdi humanitarioetarako jarduketen diru-laguntza deialdiak 84.000 euro ditu (iaz kopuru hori 66.000 eurotik 84.000 eurora handitu zen, eta mantentzen da); sentsibilizazio proiektuetarako deialdiak 100.000 euro joko du (2016an 90.000tik 100.000 eurora igo zen); eta unean uneko sentsibilizazio jarduketak egiteko diru-zuzkidura 9.600 euroan mantentzen da.

Bost deialdiek osatzen dute Garapenaren aldeko Lankidetzako Udal Programaren zati handiena, baina beste lan-ildo batzuk ere biltzen ditu, 2017ko aurrekontua 1.417.910 eurokoa izanen delarik. Kopuru horrek esan nahi du Iruñeko Udalak, aurten, udal-aurrekontuaren % 0,72 bideratuko duelalankidetzara.

Gaur goizean Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorreko zinegotzi ordezkari Edurne Eguino eta lankidetzako udal-teknikari Javier Gaztelu eta Jaime Sarrasqueta bildu dira. Bilera horretan bost diru-laguntzen deialdien oinarriak ezagutzera eman dituzte teknikariek. Guztiek Udalaren onespena dute eta Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean noiz argitaratu eta horren zain daude, izapide hori bete behar baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik. Deialdi horietan guztietan Iruñean finkatuak dauden eta jarduerak bertan egiten dituzten GGKEk parte hartu ahal dute.

Aurreikusiten da 2017ko martxoaren 24ko NAOn argitaratzea, eta horrekin batera proiektuak aurkezteko epea zabalduko da. Alabaina, bihartik aurrera, ostegunarekin, deialdien oinarriak kontsultatu ahal izango dira Iruñeko Udalaren  www.pamplona.es webgunean (egoitza elektronikoan, diru-laguntzen atalean).

Bost deialdiak

Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza-proiektuetarako deialdiak du diru-zuzkidurarik handiena, 880.000 eurorekin. Garatzeko bidean dauden herrialdeetan komunitate eta udalerrien giza garapen iraunkorraren alde egitea bilatzen da deialdi honen bidez, herrialde horietako biztanleek haien kabuz kudeatu eta iraunarazi ahalko dituzten proiektuak gauzatuz. Giza garapenerako proiektuak gauzatzera bideratuta dago, besteak beste, hezkuntzaren, osasunaren, etxebizitzaren, giza eskubideen defentsaren, garapen ekonomikoaren arloetan. Proiektuek aurkeztutako aurrekontuaren % 90 arte jaso ahal izango dute, betiere 35.000 euroko gehieneko mugarekin.

Iaz, deialdi honen barruan, Udalak 34 proiektu babestu zituen, Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako 22 herrialdetan gauzatu zirenak. Proiektu gehien jaso zituzten helmugak honako hauek izan ziren: Bolivia, Haiti eta El Salvador (bakoitzak, hiru), eta saharar errefuxiatuen kanpamentuak, Txad, Mali, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Kolonbia eta Nikaragua (bakoitzak, bi). Geografia-esparruei dagokienez, hiru dira diru-laguntza ia guztiak (% 91,6) jasotzen dituztenak, Afrika delarik baliabide gehien jasotzen dituena. Afrikan, batez ere Saharaz hegoaldekoan, 15 proiektu gauzatu ziren, 417.224 eurorekin (diru-laguntzen % 44,9); Hego Amerikan, 6 proiektu, 156.867 eurorekin (% 16,9); eta Erdialdeko Amerikan, Mexikon eta Kariben 19 proiektu, 276.859 eurorekin (% 29,4). Proiektuak jarduera-sektoreen arabera sailkatzen badira, hiru taldek jaso zituzten diru-laguntza ia guztiak: Gizarte Azpiegiturak eta Lotutako Zerbitzuak taldeak % 85,2 jaso zuen; Sektore anitzeko Proiektuak taldeak % 5,7, eta Ekoizpen Sektoreak, azkenik, % 6,7.

Deialdi hau osatzeko, Hegoaldeko herrialdeetako toki-erakundeekin garapenaren aldeko proiektuak gauzatzeko bigarren deialdi bat dago, 120.000 euroko diru-zuzkidurarekin. Proiektu horiek Garapenaren aldeko Udal planetan sartuta egon beharko dute, helburu diren herrialdeetako gizarte edo toki-erakundeak integratu beharko dituzte, eta haiek arduratu beharko dira proiektuak gauzatzeaz. Diru-laguntzak proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 90 arte estaliko du, betiere 60.000 euroko gehieneko mugarekin. Iaz bi proiektu babestu ziren, bat Nikaraguan eta bestea Mozambiken.

Garapenaren aldeko sentsibilizazioa eta hezkuntza

Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntzarako deialdiei dagokienez, biak Iruñean egin beharreko proiektuendako dira, biztanleei orori zein talde jakin batzuei zuzenduak. Hona hemen proiektu horien xedea: Hegoaldeko herrialdeen egoerarekin, egoera horietara bultzatu dituzten zergatiekin eta komunitate horiek arazook gainditzeko egiten ari diren ahaleginekin zerikusia duten alderdien gainean sentsibilizatu eta prestatzea, eta Iruñeko herritarren artean engaiamendu solidarioko jarrerak bultzatzea, Ipar-Hegoko harreman bidezkoagoen eta berdintzaileagoen alde.

Proiektuen deialdiaren aurrekontua 100.000 eurokoa da, betiere 6.000 euroko gehieneko mugarekin erakunde bakarren eskaerendako, eta 8.000 euroko gehieneko mugarekin eskaera bi erakunderen edo gehiagoren izenean egiten bada. Diru-laguntzaren xede diren jarduerak 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra bitarte gauzatu daitezke. 2016an, Iruñeko Udalak 16 proiekturi eman zien diru-laguntza, 100.000 euroan. Diruz lagundutako proiektuen eskaintzak era askotako jarduerak biltzen ditu: hitzaldiak, zine-foruma, argazki-erakusketak, ikastaroak, dokumentalak, filmak, topaketak, argitalpenak eta jardunaldiak. Modu egonkorrean egiten dira urte osoan zehar, toki publiko zein pribatuetan, betiere toki publikoei lehentasuna ematen saiatuz, eta ahalik eta jende eta sentsibilitate gehienengana heltzea bilatuz.

Bigarren deialdiaren xedea da unean uneko sentsibilizazio- eta hezkuntza-jarduketak finantzatzea, Iruñean gauzatzekoak, 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte. Aurreikusitako partida 9.600 eurokoa da, betiere 1.200 euroko gehieneko mugarekin jarduketa bakoitzeko, eta diru-laguntzak eskatzeko epea 2017ko urriaren 31n amaitzen da. Deialdi horreen barruan, 2016an, Kameruni buruzko erakusketak, ikastaroak, argitalpenak eta Palestinari buruzko liburu baten aurkezpena babestu ziren.

Larrialdi humanitarioko jarduketak

Natura-hondamendien edo gizakiok sortutako gatazken ondorioz larrialdiko egoeran edo arrisku larrian eta berehalakoan dauden herrialdeei laguntzeko, edo horiek birgaitzeko proiektuak sustatzen dituzten erakundeei zuzentzen zaie bosgarren deialdia. Diru-laguntza hauen bidez larrialdiko jarduketa humanitarioak finantzatzen dira,  larrialdiko egoeran edo arrisku larrian eta berehalakoan dauden herrialdeei laguntzeko, edo horiek birgaitzeko. 84.000 euro jotzen du guztira aurrekontuak, eta diru-laguntzek proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 90 arte estaliko dute, betiere 12.000 euroko gehieneko mugarekin.

2016an, Udalak zazpi proiektu babestu zituen deialdi honen bidez, gehienak gatazka armatuen ondorioz kaltetutako biztanleria zibila laguntzera bideratuak. Kasu horietako lautan, iheslari edota lekualdatuen kanpamenduetara: Afrika Erdiko Errepublikako hiriburu den Bangui inguruko kanpamenduetara; iheslari siriarrak Jordanian; iheslari palestinarrak Sirian; eta iheslari sahararren  kanpemenduetara. Beste kasu batean, Afrika Erdiko Errepublikako gatazka armatuaren ondorioz soldadu bihurtutako haurrak gizarteratzera bideratu da udalaren laguntza.

Beste bi proiektuak natur-hondamendiek jotako herrialdeetara zuzendu dira: Ekuadorren 2016ko apirileko lurrikarak kaltetutako herriei batetik, eta bestetik, Wampi komunitateetako indigenei (Peruko Loreto oihan-eskualdean bizi dira eta 2016ko otsailean petrolio isuri batek haien habitata kaltetu zuen).

 

 

Diru-laguntza deialdiak - Iruñeko Udaleko Garapenaren aldeko 2017ko Lankidetza Programa

  • Diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak gauzatze aldera.
  • Aurreikusitako zenbatekoa, gehienez: 100.000 euro
    • Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina (martxoaren 24an argitaratzea aurreikusten da)
  • Diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, unean uneko garapenaren aldeko sentsibilizazio- eta hezkuntza-jarduketak gauzatze aldera
    • Aurreikusitako zenbatekoa, gehienez: 9.600 euro
    • Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina (martxoaren 24an argitaratzea aurreikusten da) eta urriaren 31ra arte (egun hori barne)
  • Diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako proiektuak gauzatze aldera
    • Aurreikusitako zenbatekoa, gehienez: 880.000 euro
    • Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina (martxoaren 24an argitaratzea aurreikusten da)
  • Diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko deialdia, Hegoaldeko herrialdeetako toki-erakundeekin tokian tokiko garapenaren aldeko lankidetza proiektuak gauzatze aldera
    • Aurreikusitako zenbatekoa, gehienez: 120.000 euro
    • Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina (martxoaren 24an argitaratzea aurreikusten da) eta ekainaren 30era arte (egun hori barne)
  • Diru-laguntzak banakako ebaluazio-araubidean emateko deialdia, larrialdi humanitarioetan jarduketak egiteko
    • Aurreikusitako zenbatekoa, gehienez: 84.000 euro
    • Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina (martxoaren 24an argitaratzea aurreikusten da) eta urriaren 31ra arte (egun hori barne)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!