Estafeta kaleko Beatriz dendan txokolatezko garroteak egiteko erabiltzen duten errezeta behin betikoz argitara eman digute gure Tartariek irratsaio honetan.
Honetaz gain, Aristobulo Zurukaini kondaira urbanoei buruzko elkarrizketa egin diote. Asko dira gizon honek ezagutzen dituenak: ikasle garaian, eskolapioetan, ikasle zaharragoen esanetan errekreo garaian gizon misteriotsu bat hurbiltzen omen zitzaien ikasleei goxoki susmagarri batzuk emateko helburu ilunarekin. Ahoz-aho zebilen txutxumutxuaren arabera goxokiek haien baitan droga zeukaten. Berak bilduak dira ere bihurguneko neskarena, Leireko monasterioko Virila izeneko fraidearena edo Mendillorriko lakuan arrain, dortoka eta aingira erraldoiak topatu zituztenekoa.
Bestalde Alpistegian Zure buruari entzunarazi iezaiozu (Hazte Oir) elkarte fundamentalista kristauak bere azken kanpaina bertan behera utzi duela jakin dugu. Honekin batera adierazi digute Askatasun Plazako Erorien monumentuan hondakin arkeologiko esanguratsuak topatu dituela Iruñeko Udalak Arantzadi Ikerketa Elkarteari eskatutako indusketek eta iskanbila sortu dela Cordovillan Diario de Navarra argitaratzeko erabiltzen den tinta beltza oso kutsakorra dela jakin denean.
Julen Fagoaga eta Martxelo Sotes dira Tartariarrak.