Iruñeko Udalak hiriko polen-mailei buruzko alerta-zerbitzua aktibatuko du ostiralean, martxoak 10. Ostiraletik aurrera eta ekainaren 26ra bitarte, Udalaren webgunean (www.pamplona.es) astero emanen da informazioa hiriko landare-espezie nagusien inguruko polinizazio-mailari buruz, polenari oso sentiberak diren pertsonei eragozpenak sortzen ahal baitizkiete. Horrez gain, astelehenero SMS edo mezu elektroniko bat bidaliko zaio polen-mailei buruz argibideak jaso nahi dituen herritar orori.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin elkarlanean eskaintzen da zerbitzua, polinizazio-mailarik altuena egoten den tartean, zeina, Iruñean, martxotik ekainera bitarte izan ohi den. Egun, 1.182 lagun daude izena emanda, eta kopuru hori aldika igotzen joan da zerbitzua abiarazi zenetik: 2011n, 236 lagun ziren, eta 2015ean, milatik gora.
Jakinarazpenak jasotzeko, interesdunek herritarrendako arretako 010 telefonora deitu behar dute (948 42 01 00ra, mugikorraren bidez edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Zerbitzua doakoa da eta honako datu hauek baino ez dira eman behar: izen-abizenak, NANa eta mugikor-zenbakia edo helbide elektronikoa.
Lau alerta-maila daude: baxua, erdikoa, altua eta oso altua; eta informazioa ematen da astean hauteman den polen mota bakoitzari buruz, polen horiei sentiberak diren pertsonen osasunean eraginik izan dezakeela aurreikusita. Osasun Publikoaren Institutuaren datuak eta Iruñeko neurketa polinikoak baliatuta prestatzen da informazioa.
Jakinarazpenez gain, Udalaren webgunean (www.pamplona.es) Iruñeko polen-mailaren asteko aurreikuspena ikusi ahalko da, eta hautemandako polenak sortzen dituzten landareen irudiak.