Iruñeko aurrekontuen berri emateko 35.000 eskuorri banatuko ditu udalak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 8a, 08:26

Aurtengo kontuak joan den otsailaren 24an sartu ziren indarrean, eta guztira 196,5 milioi euro jotzen dute, horien % 43 gastu soziala delarik.

Iruñeko Udala bihar hasiko da 35.000 argibide-eskupaper banatzen hiriko auzoetako postontzietan, 2017ko aurrekontuen kontzeptu nagusiak zuzenean herritarrei ezagutzera emate aldera. Otsailaren 24an sartu ziren indarrean aurrekontuak; guztira 196,5 milioi jotzen dute eta neurri sozialen, enpleguaren egonkortasunaren eta zerbitzu publikoen alde egiten dute. Aurrekontuetako gastuen % 43,02 gizarte-gastuetara bideratu da, honako alor hauetan: gizarte ekimena, kultura eta hezkuntza, partaidetza eta berdintasuna, hiri-ekologia, etxebizitza, enplegua eta merkataritza. Izan ere gizarte-gastuetarako diru gehiago esleitu da segurtasuneko (% 15,9), giza baliabidetako (% 14,3) eta kontserbazioko (% 14,4) gastuetarako baino.

Triptikoak Iruñeko aurrekontuen oinarri izandako sei printzipioak ematen ditu aditzera: gastu soziala erabateko lehentasun gisara; pertsonak izatea udal-politikaren ardatza; aniztasunari errespetua, Iruñeko ondare eta aberastasun den aldetik; emakumeak ahalduntzea eta indarkeria matxistak errotik desagerraraztea, hiri-mugikortasunaren kontzeptu berria; eta herritarren partaidetzaren aldeko apustua.

Halaber, 2017 urterako aurreikusitako hiriko inbertsioen berri ematen du eskupaperak. Guztira 18,7 milioi euro jo dezakete: aurrekontuetan jaso eta onetsitako 11,21 milioiri 7,5 milioi gehitu ahalko zaizkie, zeinak ekainean gehitu ahalko baitira, Finantza aldetik Jasangarriak diren Inbertsioen formula baliatuta, Diruzaintzako geldikinei esker. Gaur gaurkoz, inbertsioen programan jasota daude honako proiektu hauek, besteak beste: eraikinak birgaitzeko diru-laguntzak (2,16 milioi euro); aterpe premia dutenendako udal-etxebizitzak (300.000 euro); jantoki sozialetarako programak, elkartasunezkoak eta auzo-unitateekin loturikoak (600.000 euro); haur eskolak berritzeko planaren lehen fasea (550.000 euro); elkartasunezko merkataritza soziala Geltokin (498.541 euro); mugikortasun jasangarriko bideak, Pio XII.aren etorbidean hasita (900.000); erdigunean mugikortasuna berrantolatzeko lanak (225.000); eta Mendillorriko igogailua (400.000 euro).

Inbertsioen bigarren fasearendako 7,5 milioi euro aurreikusi dira eta hauek biltzen ditu: Auzoetan Jarduteko Planaren barruko hobekuntzak, herritarren erabakiak aintzat hartuta (1,25 milioi euro); EDUSI estrategia Milagrosan (500.000 euro); Erdigune programa Sanduzelain (250.000 euro); ikastetxeak hobetzeko inbertsio-plana (500.000 euro); herritarren partaidetzarekin kudeatuko diren guneak –Redin eta Cruzatarren jauregia, esaterako– egokitzeko prozesuak (500.000 euro); Jacobacces, Donejakue bidearen interpretazio zentro irisgarria (300.000 euro), Hiriartea proiektua Ziudadelan (200.000 euro), Erorien Monumentuaren etorkizunari buruzko ideia-lehiaketa (250.000 euro); eta San Domingoko aparkaleku eta kiroldegia egiteko lanen hasiera (50.000 euro).

Posta elektronikoz, Udalaren webgunean eta sare sozialetan

Bigarren jarduketa baten barruan, triptikoa posta elektroniko bidez helaraziko zaie herritarrei, baldin eta udal-argibideak jasotzeko helbide elektronikoa eman badute 010ean, herritarrendako arreta zerbitzuan edo Iruñeko Udalak kudeatzen dituen bestelako euskarri digitaletan.

Halaber, eskuorria ikusgai jarriko da, lehentasunezko lekuan, Udalaren webgunean (www.pamplona.es ), eta instituzioak kudeatzen dituen sare sozialetako profil nagusietan. Helburua da herritarrek modu sinplean eta erraz izatea aurtengo aurrekontuen kopuruen berri eta ezagutzea oinarri izan diren ildo orokorrak, bai eta abiaraziko diren proiektu nagusiak ere.

Eskuorria 35.000 etxebizitzatan banatuta, Iruñean erroldaturik dauden etxebizitzen % 50era iritsiko da banaketa. Proportzionalki egingo da, auzo bakoitzeko populazioa eta hiriko guztizkoa aintzat hartuta. Hori horrela, hona auzo bakoitzean banatuko diren eskuorrien kopuruak: Alde Zaharrean, 1.500; Zabalguneetan, 3.250; Milagrosan eta Santa María la Realen, 2.500, Azpilagaña-Sadarren, 1.750, Iturraman, 4.100; Ermitagaña eta Mendebaldean, 3.500; Donibanen, 3.500; Sanduzelain eta Buztintxurin, 3.250; Arrotxapea eta Artikaberrin, 5.000; Txantrean, 3.600, Mendillorrin, 2.150; eta Lezkairuko Zalduan, 800.

Triptikoa diseinatzeak 650 euroko gastua izan du; triptikoaren inprimaketa eta banaketarako, aldiz, 3.083 euroko inbertsioa egin da. Elkarkide enpresak egingo du banaketa, gizarte ekimeneko irabazi-asmorik gabeko enpresa batek, zeina erreferente bilakatu baita desgaitasun edo buruko gaixotasunen bat duten edo gizartean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratze- eta laneratze-zereginetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!