'Biko-teka' ilustrazio eta narrazio lantegia, abian

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 7a, 08:13
Argazkia: San Frantzisko liburutegian izanen da lantegia.

Martxoaren 10era bitarte eman daiteke izena, doan, eta lantegia martxoaren 27tik 29ra bitarte izanen da, goizez eta arratsaldez.

Udalak Biko-teka programa berria bultzatuko du, zeinaren bitartez euskarazko liburu irudidunak sortzen trebatzeko ilustrazio- eta narrazio-lantegi bat antolatuko baita. Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegozi ordezkari Maider Belokik gaur azaldu ditu Biko-teka ekimenaren nondik-norakoak, Herritarren Aferen Batzordean; besteak beste, adierazi du izena martxoaren 10era bitarte eta doan eman daitekeela. Haur eta gazte literaturako Galtzagorri Elkarteak antolatuko du, haurrendako album irudidunen Etxepare Sariarekin elkarlanean.

Programak xede du euskarazko sormen artistikoa eta kulturala bultzatzea, bereziki album irudidunen alorrean, non uztartzen baitira sormen literarioa eta marrazkigintza eta ilustrazioaren sormen artistikoa. Horrez gain, euskarazko album irudidunen Etxepare sariko lehiaketan parte-hartzea sustatzeko pizgarria izango da, bai eta saria eta lehiaketa ezagutzera emateko irudigile eta idazleen artean. Euskarazko bikote hitza eta grekerazko -theke atzizkia (zerbait gordetzeko lekua)uztartuta jaio da ekimenaren izena.

Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsoren eskutik

Lantegia San Frantzisko liburutegi publikoan izanen da, martxoaren 27, 28 eta 29an, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Egungo euskarazko literaturaren ordezkari onenetarikoa den Harkaitz Canok eta Arte Ederretan lizentziadun eta irudigile gisa –haur-literaturan batez ere– ibilbide luzea duen Aitziber Alonsok emanen dituzte saioak. Lantegian landuko dira album irudidun bat sortzeko faseak, hots, ideia pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta irudiztatu.

Ikastaroan izena emateko mezu elektroniko bat bidali behar da galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera, eta bikoteka eman behar da izena, hau da, irudigile bat eta kontalari bat elkarrekin. Bakarka ere eman daiteke izena, betiere kontuan hartuta bikoteka egingo dela lan, eta gehienez ere zortzi bikoterendako lekua dagoela. Mezu elektronikoarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: irudigileen kasuan, hiru marrazki; eta kontalariaren kasuan, narrazio-testu labur bat. Horrez gain, curriculuma eta NANaren fotokopia erantsi beharko dute. Parte hartzeko ez da behar aurrez inolako lanik argitaratu izana, eta lehentasuna emanen zaie egile hasiberriak diren hautagaiei.

Bultzada ematea euskarazko album irudidunen argitalpenei

Biko-teka ekimena sustatze aldera, Udalak aintzat hartu du ilustrazioak berebiziko garrantzia duela haur eta gazte literaturan, oraindik testuak irakurtzeko gai ez diren haurrek irudiak irakurri ditzaketelako, eta hartara, irudietan murgildu horiei lotuta gelditu. Album irudidunetan, testuak umeen irudimena eta sormena sustatzen badu ere, ilustrazioak are gehiago pizten ditu gaitasun horiek; izan ere, irudiak dimentsioanitzak dira.

Horiek gorabehera, euskarazko haur eta gazte literaturan ez dago album irudidunak argitaratzeko tradiziorik: idazleek ez dituzte argitalpen mota honetarako istorioak sortzen; argitaletxeek ez dituzte horrelakoak kasik argitaratzen, ekoizpen-kostuak handiak direlako; eta beste lan literario batzuek baino prozesu zailagoa izaten dute oro har, idazle eta irudigilearen arteko elkarlana eskatzen dutelako.

Galtzagorri Elkarteak kudeatuko du programa, ikastaroa egiteko materialak prestatuko ditu eta parte-har dezaketen lagunen artean zabaldu eta dinamizatuko du ekimena. Espedientean jasotakoaren arabera, irabazi-asmorik gabeko elkartea da, ibilbide luzekoa, eta helburu du euskarazko haur literatura ikertu eta zabaltzea. Euskarazko haur literaturan, hain zuzen, bilakaera gero eta oparoagoa dute album irudidunek. Ekimen berri honendako aurrekontua 4.270 euro da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!