Amaitu dituzte Villa Celes txaleta eraisteko eta Belosoko Aldapa urbanizatzeko lanak

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 22a, 20:59
Arg: Pamplona Histórica, Twitter.

Oinezkoendako zaldainaren ondoan anfibio, hegazti eta mustelidoentzako hezegune bat sortu dute.

Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek Joseba Asiron alkatearekin batera egin dute bisita gaur goizean Belosoko Erripara, azken hilabetetan Villa Celes izeneko txaleta eraisteko lanak eta horien osteko egokitze-lanak ikusteko. Eraikinak desagerrarazteaz gain, Belosoko Erripa berreskuratzea izan da lan horien xedea. Halaber, Argaren gaineko oinezkoendako zaldainaren ondoko zonaldean proiektu bat jarri da abian, landare-espezie exotikoak desagerrarazteko eta hezegune bat sortzeko.

Villa Celes eraisteko lanak azaroaren amaieran hasi eta 2017ko lehen asteetan bukatu ziren. Lanak burutzeko zailtasunak medio, espaloia eta Belosoko aldapako erraietako bat moztu behar izan zen, eta zuhurtziazko neurriak hartu behar izan ziren ibai-parketik Magdalenara doan oinezkoendako bidean, hartara bermatzeko oinezkoen zein ibilgailuen segurtasuna.

Behin txaleta eraitsita eta obra-hondakinak bilduta, euste-hormaren zimenduak jartzeari ekin zitzaion, ezpondaren gainontzekoarekin bateratzeko. Euste-horma hormigoizkoa da, eta San Bartolome Gotorlekutik Burlatako mugaraino doan hormaren testura eta inklinazio bera eman zaio. Erripako landarediari dagokionez, belarra landatu da sortutako lubetak estaltzeko eta sasiak hazi bitarte lokatz-jarioek zubiaren bidera jotzea ekiditeko.

Belosoko aldaparen aurrealdea urbanizatzea

Kontratuak barne hartzen zuen Belosoko aldaparen aurrealdea urbanizatzea. Villa Celeseko eremu horretan metro eta erdiko zabalera zuen espaloiak -oraingoaren erdia-, eta bertatik igaro behar ziren oinezkoak eta bizikletak, bidegorria espaloia margotuta baitzegoen. Orain, lanak amaitu ostean, 3 metroko zabalera hartzen du oro har espaloiak, Belosoko aldapako beste zonaldeetan beste, eta lauza berdinak erabili dira zoladuran. Baranda bat ere paratu da -zonalde horretan dagoen modeloa kontuan harturik- desnibelak saihesteko, eta baita ere, bertatik begietsi ahal izateko Arga ibaia, ibai-parkea, Magdalenako zonaldea, Txantrea auzoa, Katedralaren perfila eta hiriko Alde Zaharra. Halaber, txorkoak utzi dira espaloietan, lehendik ez zeuden zuhaitzak eta ezkiak landatzeko, eta antzeko landaredia lortzeko Belosoko Aldapa osoan. Kale-argien instalazio elektrikoa ere egokitu da.

Villa Celes txaleta 1942an eraiki zen, Iruñeko katastroko 6. poligonoaren 188. lursailean kokatuta zegoen eta 584,49 metro koadroko azalera zuen. Lursailak etxebizitza eta biltegiak hartzen zituen barne, bai eta industri-lokalak ere, erabili gabeak edozein kasutan; eraikinak beheko solairua eta beste bi solairu zituen, gehi sestraz behetiko bi solairu. Eraikina eraisteko lanak eta behin eraikina eraitsita zonalde hori egokitzeko lanak 2016ko urrian esleitu zitzaizkion Construcciones Mariezcurrena enpresari, 150.162,37 euroan, BEZa barne. Udalak Belotxi S.L. Merkataritza-sozietateari erosi zion lursaila, 2015eko ekainean. Salerosketa-kontratu horrek xede zuen Belosoko Erriparen berezko balio ekologiko eta paisajistikoak zaintzea, mantentzea, eta kasuan-kasuan, leheneratzea, betiere Udal-plan orokorrean aurreikusitakoarekin bat.

Espezie exotikoak errotik desagerraraztea eta Beloson hezegunea sortzea

Espezie exotikoak errotik desagerraraztea batetik, eta bestetik, anfibio, hegazti eta mustelidoen habitata hobetzeko hezegune bat sortzea. Horra Udalak Argaren gaineko oinezkoendako zaldainaren ondoan -Amaya Kirol Klubaren instalazioen atzealdean- abiatutako proiektuaren helburuak. 20.000 euroko inbertsioa egin da, zeina jasota baitago finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioetarako aurrekontu aldaketetan -iazko ekaineko Osoko Bilkuran onetsiak-.

Hortaz, egun inolako erabilerarik ez zuen udal-lursail batean burutu dira lanak, lursail batean non XX. mende amaierara arte abeltegi bat eta nekazaritzarako lurrak zeuden. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran abeltegiko eraikinak eta landaredia kendu ziren eta lursailean zenbait lan egin ziren. Ziur aski, garai hartan agertuko ziren zenbait landare-espezieen koloniak, besteak beste Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiko Katalogoan ageri den zuhaixka baten (tximeleten zuhaixka edo buddleja izenduna) hogei bat ale. Lursaila Udalarena izanik, Udalaren ardura da horiek desagerraraztea. Gainera, Argaren ur-emaritik lau metro gorago izanagatik -uhaldiak azpian hartzen ez duen eremuan, beraz-, lursaila putzuz betea egon ohi zen ia urte osoan zehar, bertara heltzen baitira euri sareko urak, zehazki, gasolindegiaren ondoan Nafarroa Behereko etorbidean kokaturik dagoen kolektoreak ekartzen dituen urak.

Eskuz eta bitarteko mekanikoen bidez kendu dira landare exotikoak. Bestalde, hezegunea sortzeko metro bateko sakonera duen zulo bat egin da 50 metro koadroko azalera batean, eta tokiko landare urtar eta semi-urtarrak landatu dira bertan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!