Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Sortzenen jaia Iruñera itzuliko da maiatzaren 21ean

Euskalerria Irratia 2016-12-20 19:28   Euskara  Iruñea

Eskola guztien artean antolatuko da auzolanean eta IkasKilo, hezkuntza komunitateko barraskiloa izanen da festako pertsonaia. Hezkuntzaren inguruko eztabaida berriak sustatu nahi ditu elkarteak jaiaren bidez.

Sortzenen jaia Iruñera itzuliko da maiatzaren 21ean
Sortzen jaiaren aurkezpena. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur aurkeztu du Sortzenek IkasKilo, jaiaren pertsonaia Iruñeko Gazteluko Plazan egindako agerraldian.

Antolatzaileek azaldu duten bezala “IkasKilok hezkuntza du bihotzean, eta gogoan eredu berri bat. Horrenbeste du hezkuntza maite, bere gainean etxetzat hezigunea daramala. Ibilera motela du, atzean inor ez uzteko konpromisoa duelako. Eta, motel joateak ere, bide luzeak egiten ahalbidetzen diolako, urrats txikiak emanez gauza handi eta ederrak lortuz." Hezkuntza burujabetzan oinarritutako amets bat dauka IkasKilok.

 

Auzo Bizi Onaren Eskola da IkasKilok nahi duena. Bere ezaugarriak hauek dira:

  • Slow Eskola: Ikasleen garapen beharrak errespetatu eta elikatzeko norbanakoari egokitutako erritmoa duen hezkuntza eredua, inor bazterrean utziko ez duelarik. Bertako elikadura natural eta osasuntsuaren bidez jangelek hezigune funtzioa dutena, pertsonen artean, elikagaiekin zein ekoizleekin harremanak landuz.
  • Eleanitza: Ikasle euskahaldunak sortuko dituen hezkuntza eredua, hezkuntza komunitatearen zein ingurune soziolinguistikoaren aniztasuna oinarri duena.
  • AberAniztasuna: Ikasleen aniztasuna aberastasuna izanik pertsonen izaera kolektiboaren ezaugarria da eta, ondorioz, aniztasuna zaindu, elikatu eta elkar-aberastuko duena.
  • NiZuGutzailea: Ikasleek dituzten norbanako nortasun zein nortasun kolektibo ezberdin guztien ezagutza eta errespetua bultzatuko duena, enpatia sortuz eta begirunezko harremanak sustatuz.
  • SorBizitzailea: Pertsonaren garapenerako konpetentzien jabetza ezinbestekoa izanik, sortzailetasunaren eta modu libre zein bibentzialaren bidez heziketa bultzatuko duena.
  • Adimozionala: Autoestimua eta harreman sozial zein afektibo osasuntsuak garatu ahal izateko emozioak ezagutzea, ulertzea eta kudeatzen ikastea bultzatuko duena.
  • AuzoEskoLan: Hezkuntza ez dagokio soilik eskolari, familiak eta herriak ere ardura eta funtzio garrantzitsua izanik, herria bera hezi-gunea bilakatuz, guztien parte-hartze aktiboa bilatuko duena.
  • Hezigune Sarea: Auzo Bizi Onaren eskolek behar duten garapen kultural, pedagogiko eta sozialerako interes komunen arabera elkarlanerako saretuko dira, saretze hauek Euskal Herri mailako sistema propio baten abiapuntua izango direlarik.
  • Hezkuntza Burujabetza: Auzo Bizi Onaren eskola garatu dadin ikastetxean bertan hezkuntza proiektuaren, curriculumaren eta baliabideen erabaki eta kudeatze ahalmen handia behar da, eta hor kokatzen da hain zuzen burujabetzaren iturburua, behetik gora eta txikitik handira egituratuko litzatekeena.

 

Jaia antolatzeko ardura ez du, aurreko urteetan egin den moduan, ikastetxe batek hartuko. Eskola guztien artean antolatuko da auzolanean eta lau lan taldeetako baten izena eman nahi duenak, hemen egin dezake. 

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Sortzen 2016-12-21 17:23 Erantzuna | #1

Hona hemen aurkezpenaren bideoa:
https://www.youtube.com/watch?v=GAF4bA9alX0

Mila esker !!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa