Lu eta Le gaur Nafarroako Antzerki Eskolan

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 23a, 15:45

Lourdes Iriondo (LU) eta Xabier Lete (LE)  Ez dok amairu kultur mugimendu abangoardistaren partaideak dira Bernardo Atxagak idatzitako lan honen protagonistak. NAEn 20:00etan. 

Lourdes Iriondo (LU) eta Xabier Lete (LE) euskal kultura berritu eta sustatu zuen Ez dok amairu kultur mugimendu abangoardistaren partaide izan ziren. LU emakume distiranta zen, kantaria eta idazlea. LE, kantautorea izateaz gain, jardun poetiko garrantzitsua garatu zuen, eta 2008an Kritika saria jaso zuen. Biek eragin handia izan dute beren belaunaldiko eta ondorengo euskaltzaleen eta kulturzaleen artean.


Baina anartean biek bizi izan zuten heriotza hurbiletik norbere bizitzen aldi luze batean. LU bihotzeko gaitzak joa zen 18 urte zituenetik eta LEri 1985ean sindrome bat agertu zitzaion, liseriketa aparatuari eragiten zion ez tratamendurik ez sendatzerik ez zuen jatorri genetikokoa.


Obrak, ironia leuneko tonuaz, biek heriotzarekin duten harremana islatzen du: heriotza limurtzaile ari zaie eta beraiek amore eman gabe buru egiten diote. Egun batean, baina, ezinbestean harrapatzen ditu heriotzak.


FITXA ARTISTIKOA


Egilea: Bernardo Atxaga

Zuzendaritza: Garbi Losada

Aktoreak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza

Kantaria: Klara Mendizabal Perkusionista: Jabi Alonso

Musika: Juan Karlos Perez Ekoizpena: ADOS teatroa Generoa:

Antzerki garaikidea Iraupena: 75 minutu


"Lu eta Le” antzerki garaikide lana DONOSTIA 2016 Europako Kultura Hiriburuaren enkarguz idatzitako testua da
Juan Karlos Perezek jatorrizko musika sortu diona. “Bakearen Faroa”ren programaren barnean dago, Ados Teatro
Konpainiak ekoizten du eta Iruñean izanen du emanladi hauekin aurre-estrainaldia.

 

Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduaren ikuspuntu pertsonal bat eratzen du Bernardo Atxagak Lu eta Len. Testua, lengoaia dramatiko ez konbentzional batez, bi protagonisten figuraren inguruan osaturiko eszena eta eszena zatirekin osaturiko kaleidoskopioa da, Juan Carlos Pérezek sorturiko jatorriko partiturarekin osatua.

Sortzaile hauek, Garbi Losada zuzendariarekin batera, egitura dramatiko eta musikal abstraktua proposatzen dute, ohizko planteamenduetatik haratago doana, forma eta testuaren biluztasunaren bila beti ere. Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza dira lan honen interpreteak, Klara Mendizabal abeslariarekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!