Ebakuntza eginen dieten haurrentzako egongela berri bat Nafarroako Ospitalegunean

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 20a, 20:00

Aste honetatik aurrera, adingabeen alboan senide bat egon ahalko da anestesiatu aurreko prozesuetan. Urtean bataz beste operatzen diren 2.150 haurren eta senideen estresa eta antsietatea murriztea da helburua. 

Orain arte, halako aukerarik ez zegoen harrera-aretoa kirurgiako barrutiaren barnean baitzegoen; beraz, espazio horretan sartzea mugatuta zegoen, eta lan-zirkuitukoak ez ziren pertsonek errespetatu ezinezko ospitaleko higiene-neurriak nahitaez bete behar ziren bertan.

Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, haurren alboan egoteko gela horrek 14,50 metro koadro ditu, eta bi ohe eta laguntzaileak hartzeko lekua du. Amen 2. solairutik modu independentean sar daiteke bertara, eta operazio ondorengo gunea banatu egin da beiraz hornitutako manpara batekin. Egokitzapen-lan horietarako 20.825 euro inbertitu dira.

Gela berri horrekin, Nafarroako Ospitalegunean urtean batez beste operatzen diren 2.150 haurri mesede egingo zaie, eta pazienteen nahiz familiaren kirurgiako estresa eta antsietatea murriztu nahi da. Senideak bertan egotea borondatezko erabakia da nolanahi ere, eta gelara sartzeko arropa egokia jantzi beharko du: bata, txanoa eta oinetako babesak. Gailu elektronikoak ezin dira sartu, lana eragotzi dezaketelako, eta dokumentu grafikoen grabazioak beste paziente batzuen edo langileen pribatutasun-eskubidea arriskuan jar dezake.

Neurria hartu da, ildo horretatik familiek azken urteotan egiten ari ziren hainbat eskaerari erantzuteko. Horrenbestez, "Ospitaleratutako Haurren Europako Gutuna" ere betetzen da, Europako Parlamentuak 1986an onartu zuena. Haren bidez ezartzen da haurrak ospitaleratuta dauden denbora-tarte guztian gurasoak edo haiek ordezkatuko dituen pertsona bat haurren ondoan egoteko eskubidea dutela, eta ez ikusle pasibo modura, ospitaleko bizitzaren elementu aktibo modura baizik. Eskubide hori egikaritzeak ez du inolaz ere kaltetu edo oztopatu behar pazienteari jarri beharreko tratamendua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!