Okupazioan udaltzaingoak izandako jarrera eta borra luzagarrien erabilpena ikertuko ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 10a, 14:36
Argazkia: Aritzo Romeon, herritarren segurtasunerako zinegotzia.

Udaltzaingoaren "analisia" eginen du Iruñeko Udalak, "akatsak" identifikatzeko; halaber, protokoloa berraztertuko du.

Sarasate pasealekuko okupazioan Udaltzaingoak izandako jarrera eta borra luzagarrien erabilpena ikertuko ditu Iruñeko Udalak. Hala iragarri du Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako zinegotziak. Lau neurri aurkeztu ditu udaleko Presidentetza batzordearen aurrean, ekimen propioz larunbateko istiluak azaltzeko eskainitako agerraldian.

Lau neurri, udaltzaingoa berraztertzeko

Lehenik eta behin, udaltzaingoaren analisia eginen dute, Romeoren hitzetan, "akatsak identifikatzeko". Bigarrenik, agenteek "gisa horretako kasuetan" segi beharreko pausoak zehazten dituen protokoloa berraztertuko dute.

Hirugarren urratsa, larunbateko hutsaraztean udaltzainek borra luzagarriak nola erabili zituzten ikertzea. Eta, laugarren eta azken neurria, borra luzagarrien erabilera orokorra ikertzea, arma bera aztertzea.  Alegia, beharrezkoa ote den mahaiaren gainean jartzea.

Batzuei babesa, besteei ez

Bestelakoei dagokienez, elkartasun keinuak: udalaren datuen arabera, bederatzi agente zauritu zituzten okupazioaren osteko uneetan. Horiei guztiei babesa adierazi diete udal talde guztiek.

Badira ñabardura elkartasun adierazpenetan, baina, udaltzaingoak ez baitziren kolpatu bakarrak izan. Okupazioa sustatu zuen Hirekin taldeko kideek salatu dutenez, hogei lagun zauritu zituzten Iruñeko udaltzainek. Gainera, hiru eraman zituzten atxilo. Kasu honetan, EH Bilduk, Ezkerrak eta Aranzadik babesa adierazi diete horiei ere, poliziak jazarritakoei, ez, ordea, gainontzeko talde politikoek.

Zeinek eman zuen desalojo agindua?

Zeinek eman ote zuen etxea hutsarazteko agindua? Hori da airean dagoen beste hari muturretako bat. Bilduk esan du ekimena ez zela ez berea ez eta udaltzaingoarena izan, baizik eta Otamendi Guardia epailearena. Romeoren esanetan, Otamendik deitu zien udaltzainei. Dei horri erantzunez joan ziren agenteak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!