Azken egunak, Alde Zaharreko mugikortasunaren inguruko prozesuan parte hartzeko

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 29a, 08:29

Lo Viejo se mueve - Alde Zaharra arian arian ekimenaren harira antolatutako hiri bisitaldiari ekinen diote bihar, ostegunarekin, 19:30ean, San Nikolas plazatik.

Irailaren 30ean amaituko da herritarrek proposamenak egiteko epea, Iruñeko Alde Zaharreko mugikortasunaren inguruko Lo viejo se mueve - Alde Zaharra arian-arian prozesu ez loteslearen bigarren faserako. Herritarren ekarpenak prozesurako berariaz sortutako webgunearen bidez jasotzen dira –www.loviejosemueve.net (gaztelaniaz) edo www.arianarian.net (euskaraz)–, baita toki hauetan paratu diren postontzien bidez ere: Alde Zaharreko osasun-zentroa, San Domingoko merkatua, Kondestablearen jauregia, San Frantzisko eta Santo Tomas (Domingotarrak) ikastetxeak eta prozesuaren logotipoa ikusgai duten auzoko saltokietan.

Irailean zehar egin diren parte hartzeko dinamiketan ere jaso dira ere proposamenak. Bihar, irailak 29, dinamika horietan azkena eginen da 19:30ean: Iruña, urratsez urrats. San Nikolas plazatik abiatuko den hiri bisitaldia da, eta Alde Zaharreko kaleetan ibilbide bat eginen da, hiriko zati horretan mugikortasuna nolakoa den modu zuzenean ezagutze aldera. Halaber, informazio-mahaiak, haurrendako lantegi eta kale-ekintzak antolatu izan dira aurreko asteetan.

Irailaren 2an abiatu zen prozesua, beste hiri bisitaldi batekin, goizetan zamalanek eragiten dituzten arazoen inguruan aritzeko. Txikien begietan jarduera hilaren 16an antolatu zen, haurren tokian jartzeko helburuz, herritar guztiendako hiri bizigarria eraikitzeko txikien ikuspegia abiapuntu izan daitekeela sinetsita. Horrez gain, Mugitzen, bidea eskatzen dinamikak hartu zuen Mercaderes kalea hilaren 21ean, bertaratutakoak parte hartzera animatu zituzten bi aktorek bideratuta.

Lau gaien inguruko ekarpenak

Prozesu partizipatiboan jasotzen diren herritarren proposamenak bildu eta udal teknikariek osaturiko diziplinarteko taldera zuzenduko dira, eta horiek zehaztuko dute, finean, Udalaren erabaki-organoei aurkeztuko zaien proposamena. Herritarren Segurtasuneko, Tokiko Ekonomia Jasangarriko, Partaidetzako, Mugikortasuneko eta Hiri Bizigarriko teknikariek osatuko dute talde hori.

Herritarrek proposamenak egin ahalko dituzte lau gai hauen inguruan: oinezkoei lehentasuna ematea eta ibilgailu motordunen zirkulazioa murriztea; auzora sartzeko eta bertan mugitzeko erraztasunak, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarriko irizpideak kontuan hartuta (garraio publikoa, aparkalekuak, etab.); zamalanak arautzea, aintzat hartuta merkatariak, bizilagunak eta entitateak; eta oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza.

Lo Viejo se mueve - Alde Zaharra arian-arian prozesuaren helburua, oro har, hiri-eredua hobetzea da: turismoen presentzia mugatzea, zarata-bolumena eta kutsadura-tasak murriztea, garraio publikoaren erabilera bultzatzea, bizikletaz ibiltzeko gune-seguruen sorrera sustatzea, oinezkoendako gune berriak sortzea eta txirrindulari eta oinezkoen arteko bizikidetza erraztea.

Prozesu partizipatibo hau aholkuak ematekoa eta proposamenak egitekoa da, baina ez da loteslea; hau da, herritarren inplikazioa bilatzen du berau definitzeko eta proposamenak egiteko faseetan, baina ez erabakiak hartzekoan, zeregin hori –legearekin bat– Udalaren gobernu-organoei baitagokie. Horiek, teknikarien proposamen formalari jarraiki jokatu behar dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!